Oñatiko Mugimendu Feminista hasi da azaroaren 30eko greba feminista orokorra prestatzen
Zaintza antolaketa publiko eta komunitarioaren aldekoa izango da azaroaren 30eko greba feminista eta zaintza guztion ardura dela aldarrikatuko da. Oñatiko Mugimendu Feministak agerraldia egin zuen atzo eta zaintza sistema eraldatzeko asmoz, borroka-dinamika bati ekin diotela iragarri zuten. Zaintzaren sektorean lan baldintzak hobetzeko borrokan ari direnekin eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin indarrak batu nahi dituztela adierazi zuten. Era berean, aliantzak bilatuko dituztela herri mugimenduekin eta zaintza antolaketa irauli nahi duten guztiekin.
Herriko hainbat eragilerekin harremanetan jartzekoak direla aurreratu zuten atzoko agerraldian, baina beraiengana zuzendu nahi dutenentzat helbide elektroniko bat ere zabaldu zuten: bizitzakerdiguneanonati@gmail.com Irailean deialdi ireki bat egingo dutela iragarri zuten.
Indarrean den gizarte ereduak zaintza lanak nagusiki langile klaseko emakumeen bizkar uzten dituela salatu zen Mugimendu Feministaren agerraldian. Zerbitzu publiko urri eta prekarioak, emakumeak lan jardun bikoitz eta amaiezinak betetzera behartzen dituela esan zuten. Etxeko langileen baldintza negargarri eta onartezinak ere salatu ziren, zaintzaren sektorea arautu gabe dagoen aldetik, muturreko diskriminazio eta esplotazio egoerak sortzen direla esan zuten. Injustizia honekin amaitu behar dela azpimarratu zuten.
Zaintzarako eskubide kolektibo baten aldeko aldarria egin zuten, guztioi dagokigun erantzukizuna dela esatearekin batera. Zaintza-antolaketa erantzukizun sozial bihur dadin, gizartea bera eraldatzeko neurriak sustatu eta bultzatu behar direla azpimarratu zen atzoko agerraldian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!