Oñatiko LGTBIQ+ kolektiboaren errealitatea ezagutzeko galdetegia sortu da

Helburua herriko LGTBIQ+ kolektiboaren egoeraren diagnostikoa osatzea da, dituen beharrak, eskaerak edota oztopoak identifikatu eta aurre egiteko bideak zehazteko. Era berean, errealitate hori ezagutarazi eta LGTBIQ+ pertsonen arteko saretzea indartzea da helburua.
Diagnostikoa modu parte-hartzailean egin nahi da eta, dagoeneko, erreferente izan daitezken pertsona konkretu batzuetara jo da baina ahalik eta herritar gehiagorengana iritsi eta beraien bizipenak jaso ahal izateko, galdetegi bat sortu da eta google lotura baten bidez erantzun daiteke, udaleko Berdintasuna departamentuak jakinarazi duenez. Galdetegia era anonimoan bete ahal izango da eta erabateko konfidentzialtasunez erabiliko da jasotako informazioa. Apiriletik aurrera, berriz, zenbait lan saio egiteko asmoa dago, galdetegietan jasotakoak oinarri hartuta. Parte hartu nahi duen orok, propio zabaldu den posta elektronikora idatzita, argibideak eta galdetegirako lotura jasoko ditu. Hau da aipatu emaila: lgtbiq@onati.eus
Urtebeteko epean osatu asmo da Oñatiko LGTBIQ+ errealitatearen diagnostikoa. Lanak hiru ildo edo atal izango ditu: lehenengoa, Oñatiko idiosinkrasia ezagutzeko izango da, ondoren, herri txikien ezaugarri ohikoenak nola funtzionatzen duten ikusiko da eta azkenik, LGTBIQ+ pertsonak eta administrazioaren arteko harremanak aztertuko dira. Izan ere, diagnostikoak egungo errealitate eta egoeraren berri emango du eta etorkizuneko udal politika publikoak osatzeko oinarria izango da. Aldi berean, prozesuak LGTBIQ+ kolektiboa saretzeko bidea ematea nahi da.
Sexilioa, ikusgarritasuna, erasoak, fobiak erreferenteak eta memoria Oñatin nola bizi eta eraiki diren jaso nahi da. Horregatik, kolektiboko oñatiar guztiak gonbidatzen dira prozesuan parte hartzera.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!