Oñatiko LGTBIQ+ diagnostikoa abiatu du Udalak
Oñatiko LGTBIQ+ kolektiboaren beharrak, eskaerak eta oztopoak identifikatu, aurre egiteko bideak aztertu, errealitate hori ezagutarazi eta LGTBIQ+ pertsonen arteko saretzea indartzea da helburua. Diagnostikoa martxan da jada eta lehen hartu-emanak egin dira kolektiboaren barruan erreferente, eta transmisore, izan daitezken pertsonekin. Sudergintza kooperatibaren aholkularitza teknikoa kontratatu da eta lana urtebeteko epean egitea aurreikusten da.
Diagnostikoa modu parte-hartzailean egin nahi da eta erreferente izan daitezken pertsona konkretu batzuetara jo da, asmoa beraien inguruan zabaldu dezaten. Posta elektroniko bat ere aktibatu da, edonork parte hartzeko aukera izan dezan. E-maila hau da: lgtbiq@onati.eus. Hiru fase aurreikusten dira: banakako elkarrizketak, gai jakinen inguruko talde eztabaidak eta inkestak.
Era berean, hiru lan-ildo edo atal zehaztu dira: lehenengoa, Oñatiko idiosinkrasia ezagutzeko izango da; ondoren, herri txikien ezaugarri ohikoenak nola funtzionatzen duten ikusiko da eta azkenik, LGTBIQ+ pertsonak eta administrazioaren arteko harremanak aztertuko dira. Izan ere, diagnostikoak egungo errealitate eta egoeraren berri emango du eta etorkizuneko udal politika publikoak osatzeko oinarria izango da. Baina prozesuak LGTBIQ+ kolektiboa saretzeko balio izatea ere nahi da.
Sexilioa, ikusgarritasuna, erasoak, fobiak erreferenteak eta memoria Oñatin nola bizi eta eraiki diren jaso asmo da. Horregatik, kolektiboko oñatiar guztiak gonbidatzen dira prozesuan parte hartzera, herrian bizi ala ez. Anonimotasuna zaintzen ahalegin berezia egingo dela azpimarratu da diagnostikoaren nondik-norakoak azaltzeko agerraldian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!