Oñatiko udala

Oñatiko LEINNeko laborategian jaio zen LUP proiektuak irabazi du Impact Social Cup ekintzailetza saria

2024/09/24
Card image cap
Testua ahots bihurtzen du gailu adimendunak

  LUP proiektua Apurva San Juan leinerrak sortu zuen, egungo zuzendari teknikoa den Eneko Calvorekin batera, Oñatin, LEINN graduko laborategian. Irakurtzeko zailtasunak dituztenei autonomia eta egunerokoa errazteko helburua dauka, testua ahots bihurtzen duelako LUPA deritzon gailu adimendunak. Ikusmen arazoak, dislexia edo beste edozein ikusmen edo irakurmen zailtasuna duen edonorentzat diseinatu eta garatu da gailua, baita testu ugari kontsumitzen dutenentzat ere.
Impact Social Cup ekintzailetza sariaren finala Madrilen jokatu da, asteburuan. 8 ekintzaile lehiatu dira. Lau sari banatu ziren, 100.000 euro guztira, eta lehenak, Apurva San Juanek, 40.000 euro jaso zituen.

  Ekintzailetzaren eta enpresaren ekosistemetan Garapen Jasangarrirako Helburuak sustatzea da lehiaketa honen jomuga edo xedeetako bat. Finalaren aurreko txandatan, LEINN graduko beste laborategi batzuetako ekintzaileak egon ziren; esate baterako, Madrilen Mondragon Unibertsitateak duen TeamLabsekoak. Baina finalera Oñatin jaio eta garatu den LUP proiektua bakarrik iritsi da, iritsi eta irabazi.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!