Oñatiko udala

Oñatiko ikastetxeetan ikasi duten 77 gaztek unibertsitatera sartzeko azterketak izango dituzte bihartik aurrera

2018/06/05
Card image cap
Ostiral eguerdira arte luzatuko diren probak Eibarren egingo dituzte ikasle oñatiarrek

  Txantxiku ikastola eta Zuazola-Larraña institutuek 32. epai mahaiari dagokion aretoan egingo dituzte  eta Elkar Hezikoek berriz, 33. epai mahaiari dagokionean. Baina guztiak, esan bezala, Eibarko ingeniaritza eskolan.

  Oñatitik-Eibarra joan-etorria egiteko, eta arratsaldean azterketarik ez badute eguerdian itzultzeko, autobusa antolatu da guztientzat. Izan ere, selektibitateko azterketak bihar eta etzi goiz eta arratsaldez eta ostiral goizean egingo baitira. Baina ikasle denek ez dituzte froga guztiak egin behar. Aurten, iaz moduan, komunak diren eta ondorioz derrigorrez egin behar diren hainbat ikasgai espezifiko moduan ere baloratuko baitira. Beraz, ikasle asko ez dira arratsaldetako azterketa espezifikoetara aurkeztuko. Arratsaldean azterketarik ez duten ikasle horientzat autobusa izango da eguerdian Oñatira itzultzeko. Herriko ikastetxeek propio antolatutako autobusak izango dira, esan bezala. Eibarra joateko Postetxe aurrealdeko geltokitik irtengo da autobusa: bihar, 7:45tan eta ostegun eta ostiralean berriz, 8:00tan. Eguerdikoa, 13.00tan irtengo da Eibartik.

  Unibertsitatera sartzeko ebaluazio proba egitera doazen oñatiarrak, 77 dira guztira:  39 Txantxiku ikastolakoak dira, 27 Elkar Hezikoak eta 11 Zuazola-Larraña institutukoak. Guztiek, bihar 8:45tarako dagokien aretoan egon beharko dute Nortasun Agiriarekin eta matrikula ordain agiriarekin.

  Aurten ez da aparteko nobedaderik egon selektibitate azterketen inguruan eta iazko ez-jakintzaren ondotik zehaztu zen azterketa ereduaren parekoa izango da aurten ere. Horrek esanahi du, ikasle guztiek komunak dituzten eta derrigorrean egin beharko dituzten azterketak bost izango direla: euskara, ingelesa, gaztelera, historia eta matematika. Gainera, euskara edota ingelesa ikasgai espezifiko moduan ere baloratuko dira, lehen esan bezala. Horiezaz gain, ikasgai espezifikoei dagozkien azterketak ere egin ahal izango dira nota altxatzeko.

  Ekaineko deialdira aurkezten diren gehiengo zabal batek proba gainditzen du. Iaz esaterako denek aprobatu zuten. Ea aurten ere beste horrenbeste esateko aukera dugun. Ekaineko lehen deialdiko azterketaldia gainditzen ez duenak, edo batxilergoko ikasgairen bat oraindik aprobatzeko duenak hurrengo aukera, uztailaren 4, 5 eta 6an izango du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!