Oñatiko ikasleek udalerrian esku-hartzeko plana diseinatu eta garatuko dute Eskolako Agenda 2030aren baitan
Hitzetatik ekintzetara pasako dira herriko ikasleak aurten, Eskola Agenda 2030aren baitan. Garapen jasangarrirako 7. helburua lantzen jarraituko dute, hau da, Energia eskuragarria eta ez kutsatzailea gaian sakonduko dute, urrats bat haratago joanez; iaz osatutako diagnostikoa oinarri, esku-hartzeko plan bat diseinatu eta garatuko dute.
Eskola Agenda programa herriko lau ikastetxeek elkarlanean osatzen dute. Hala zentro eta adin ezberdinetako ikasleen artean sareak eraikitzen dira, proiektu komuna aurrera eramateko. Programaren protagonistak ikasleak dira, 4 eta 18 urte bitarteko herriko ikasleak. Txantxiku ikastola, Oñatiko institutua eta Elkar Hezi eta Urgain ikastetxeetako 1.500 ikasle baino gehiagok parte hartuko du. Ikastetxe eta mailaka ordezkariak izendatzen dira eta hauen ardura da gelan aztertu eta erabakitakoa eskola arteko forora eramatea. Egitasmoa koordinatzen Arazi enpresako adituak arituko dira. Koordinatzaileen lehen bilera hilaren 25erako finkatu da.
Energia eskuragarri eta ez kutsatzailea gaiaren inguruan 2022-2023 ikasturtean ikasi eta hausnartutakoa oinarri hartu, ekintza plana zehaztu eta gauzatuko dute, proposamenak errealitate bihurtuz. Aurrera eramango diren ekintzekin, adin guztietako ikasleak ahalduntzea, eragile aktiboak izatea eta sarean lan egitea lortu nahi da. Ikasturtearen amaieran, ikasleek gauzatutako ekintza eta proiektuak aurkeztuko dizkiete udal ordezkariei.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!