Oñatiko udala

Oñatiko esamoldeen karta-jokoa eskuragarri dago jada

2025/03/12
Card image cap
Belaunaldi berriei transmitituz, oñatiera biziberritu eta balioan jartzea da helburua

  Oñatiera ikasgelan egitasmoaren baitan urrats berria eman du Udalak, Badihardugu elkartearekin elkarlanean; herriko esamoldeen karta-jokoa osatu da, modu jostagarrian oñatiera lantzeko aukera ematen du. Idoia Etxeberria arduratu da karta-jokoaren edukia prestatzeaz eta Mirari Sagarzazu, berriz, kartetarako irudiak sortzeaz. 300 karta-joko argitaratu dira eta ale batzuk herriko ikastetxeetara banatu dira, beste batzuk herritarren eskura jarri dira, etxean ere, belaunaldien arteko transmisioan eragiteko bitarteko izan daitezen. Karta jokoak salgai daude, Turismo bulegoan edo Txokolateixan, 10 eurotan.

  Asko dira oñatierak dituen esamolde eta berba bereziak, horietako 42 hartu dira eta karta bihurtu dira. Karta jokoa sinplea da eta familien bilduma sistema du oinarrian, kolore bereko edo zenbaki bereko kartak batzea da helburua. Karta eskuratzeko, esamoldearen esanahia asmatu behar da eta karta gehien pilatzen dituenak irabaziko du.

  Karten irudiak Mirari Sagarzazuk egin ditu oñatiera ikasgelan egitasmorako sortu zituenen eredua jarraituz. Kartetan lantzen den esamoldea da garrantzitsuena baina irudi garbi eta koloretsuek lagundu egiten dute. Mobilari begira bizi garen garai honetan, ikaskide edo lagunartean ez ezik, familian aritzeko karta-joko aproposa dela azpimarratu da aurkezpenean, belaunaldi ezberdinak batu eta esamolde eta gertakari berriak mahaigaineratzeko bidea emango baitu.

  Karta-jokoa prestatzeko oñatieraren gainean egin diren lanetan oinarritu da Idoia Etxeberria eta Roberto Altunaren eta Jerardo Elortzaren laguntza eta aholkularitza izan du.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!