Oñatiko energia merkaturatzailea sortzeko prozesuaz EAJk esandakoei erantzun zien alkateak atzoko Osoko Bilkuran

Amaia Erostarbe udal talde jeltzalearen bozeramaleak egindako adierazpenei erantzun zien alkateak atzoko Osoko Bilkuraren amaieran. Merkaoña proiektua positibotzat jotzen du Oñatiko EAJk baina gardentasuna eskatu du Erostarbek.
www.gipuzko.eus atarian zintzilikatu den oharrean prozesuak behar besteko parte-hartze eta gardentasunik izan ez duenaren ustea azaltzen dute jeltzaleek eta erabakiak hartuta zeudenean eta beste eragileek parte hartzeko aukerarik izan gabe ekimenaren berri ematea kritikatu du udal taldeak. Proiektuak babes eta arrakasta handiena izan dezan, prozesu ireki eta parte-hartzailea izatea funtsezkoa dela esan du bozeramale jeltzaleak.
Oharrean adierazitakoaz aritu zen alkatea atzoko Osoko Bilkuraren amaieran, galde-erreguen atalean. EAJko kideek ezagutzen eta parte hartu duten hainbat saioetan garatuz joan den proiektua dela esan zuen eta behar besteko gardentasunik ez dela egon adierazteak harrituta uzten duela zehaztu zuen alkateak; prozesua ahalik eta argien azaltzea, zalantzak argitzeko espazioa eskaintzea, argindarraren sektorean ahalduntzea, Oñatiko egungo testuingurua azaltzea eta egindakoa balioan jartzea… bilatu dela aipatu zuen. Horren haritik lau saio informatibo ireki egin direla eta Bidebarrietako Energia bulegoan zalantzak argitzeko aukera dagoela gogoratu zuen.
Gaia politika jokoan sartu nahi izanaren kezka ere aipatu zuen Izaro Elorzak eta EH Bildu lehia horretan ez dela sartuko erantsi zuen, azpimarratuz, herri proiektu baten inguruan ari direla.
Bukatzeko, herritarrei gogorarazi zien, dagoeneko badela Oñatiko argindar merkaturatzailearen bidearekin bat egiteko aukera, %100 berriztagarria den argindarra eskuratzeko; online inprimaki bat herritarren eskura jarri dela eta Bidebarrieta 24ko Energia bulegoan ere tramitea aurrez aurre bete daitekeela zehaztu zuen.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!