Oñatiko udala

"Oñatiko emakumiak errekautan" laburpen liburuxka banatzen hasi dira

2019/04/09
Card image cap
Selma Huxley beka irabazi zuen lanaren laburpena herriko etxe denetara zabalduko da

  Jone Arrazolak eta Irati Garaik osatu dute Oñatiko emakumiak errekautan. XX. mendeko komertzio txikixaren etnografia feminista bat izeneko lana. Herriko dendari nahiz erosleei egindako elkarrizketetan oinarritu den lana, udalak emandako lehenengo Selma Huxley bekaz osatu da. Izan ere, bekaren helburua horixe baita, Oñatiko emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpena agerian jartzea. Udal arduradunek abenduan jaso zuten lana, eta emaitza eta kalitatea ikusita, herritarrengana zabaltzea erabaki zen. Hala, samur irakurri daitekeen laburpen liburuxka argitaratu da eta horixe da herriko etxeetara gaur goizean banatzen hasi direna.

  19 orrialdeko liburuxka honetan merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetan emakumeek zuten presentzia jaso da, dendari-erosle arteko harremanak, konplizitate eta babes leku zirela argira atereaz. Kontu egin behar da, behin ezkonduta emakumeek etxetik kanpora izan zezaketen lana utzi behar zutela eta etxekoandre bihurtzen zirela. Beraz, etxetik irten eta  denden bueltan sortzen zen harremana oso garrantzitsua zen. Merkataritzaren inguruan emakumeek harremanetarako ez ezik, babeserako, sostengurako sare berezi bat sortu zuten, nahi gabe. Baina ez bakarrik erosle zirenentzat, baita halabeharrez etxeko negozioari segida emateko ardura hartu zuten dendarientzat ere. Ezkontzerakoan emakumeek lana utzi behar zuten bezala, denda zuten askok etxeko negozioan lagundu eta jarraitzeko beharra  jaso baitzuten. Jone Arrazola ikerlariak dioen bezala, komertzioa arnasbide bat zen etxekoandreentzat baina zapalkuntza bide bat merkatarientzat".Hori guztia islatzen da etxeetara banatzen hasi diren liburuxkan. Oñatieraz idatzita eta argazkiz osatuta dago.

  Maiatzean berriz, erakusketa baten bidez irudikatuko da egin den lana. Erakusketa Bakardadeko Ama kalean Egaña  janari denda zenekoan kokatuko da, maiatzaren 9tik ekainaren 2ra. Asteazkenetik domekara irekiko da eta hainbat bisita gidatu egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!