Oñatiko emakume sortzaileen ekimena zabaldu egingo da aurten

Iaz lehen aldiz egin zen Oñatiko emakume sortzaileen erakusketaren harira, ekimenari jarraipena eman eta zabaltzeko asmoa azaldu dute sustatzaileek. Helburuak bere horretan jarraitzen du: emakume sortzaileen lana aitortu eta ezagutzera eman. Baina urrats bat haratago emango da aurten eta kultura edo eskulanen eremuetara mugatu gabe, diziplina anitzagotan diharduten herriko emakume sortzaileei parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie.
Iazko ekimenak jaso zuen balorazio onaren harira, emakume sortzaileen erakusketa errepikatuko da, eta kalera ateratzeko ahalegina egingo da, baina sortze prozesuan sakondu eta elkarlanean aritzeko aukera eskaini nahi zaie parte hartzen duten sortzaileei. Hala, bost ekintza nagusi burutuko dira, erakusketa bera muntatu aurretik. Sortzaileak bertaratzera gonbidatzen dira baina argi utzita aurreko prozesu osoan parte hartzea ez dela derrigorrezkoa. Bakoitzak hautatuko du zertan eta zenbateko inplikazio mailan parte hartu.
Lehenik, galdetegi bat zabalduko zaie sortzaile guztiei, beraien sortze-prozesua laburrean deskribatu dezaten; lanaren inspirazio, abiapuntu edo ideia non aurkitzen duten; prozesuan zehar indartu beharreko urratsa identifikatu dezaten; zein erreferente dituzten eta lana saldu edo ikusarazteko zein bide jarraitzen dituen azaltzea eskatuko zaie. Ondoren, solasaldi-tailerra antolatuko da, emakume sortzaileen arteko elkarrizketarako espazioa sortzeko. Aurrez betetako galdetegiaren informazioa izango da solasaldi-tailerraren abiapuntua. Sortze-prozesua bistaratzeko ikus-entzunezko bat osatuko da hirugarrenik. Etorkizunera begirako elkarlan-saioa etorriko da ondoren, eta aurrez landutako guztiaren emaitza aurkeztuko da, ikus-entzunezkoa barne, partehartzaile-taldetik sare bat sortzeko helburuarekin. Bosgarren eta azken ekintza nagusia, erakusketa bera izango da, eta partaide bakoitzari egindako lana ez ezik, sortze-prozesuan erabili duen elementuren bat erakusteko eskatuko zaio. Denon artean sortutako ikus-entzunezkoa ere erakusketan proiektatuko da.
Helburua beraz, Oñatiko emakume sortzaileen lana ezagutarazteaz haratago, emakumeak eurak elkarrekin harremanetan jarri eta beraien sortze-prozesuaz taldean hausnartzera gonbidatu nahi dira, elkarren arteko sareak eratzeko oinarriak jartzearekin batera.
Parte hartzeko interesa duten emakume sortzaileek martxoaren 30era arteko epea dute izena emateko. Horretarako, formularioa zintzilikatu da udalaren web atarian. Informazio gehigarria behar duenak Kultur etxera jo dezake. Solasaldi tailerra apirila amaiera-maiatza hasieran egitea aurreikusten da eta erakusketa, berriz, ekainaren 6tik 22ra bitartean.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!