Oñatiko udala

Oñatiko emakume-mojen inguruko ikerketa proposamenak lortu du Selma Huxley beka

2022/02/21
Card image cap
Itsaso Manias eta Jone Arrazola bikoteak aurkeztutako proiektua da

  Bigarren deialdian esleitu da Selma Huxley Barkham III. ikerketa beka, lehen deialdian proposamenik jaso ez eta prozesua bertan behera utzi ondoren. Iazko azaroan zabaldu zen bigarren deialdira bi lan aurkeztu dira eta epai mahaiak Oñatiko emakume-mojen identitatea, bizimodua eta ekarpena ikuspegi feministatik izenekoa lehenetsi du. Baloratu diren hiru ataletan, ikerlarien kurrikuluma, proiektua eta hedapen proposamenean, puntuaziorik altuena lortu du aukeratutako egitasmoak.

  Oñatin egun dauden hiru moja komunitateak hartuko ditu kontuan azterlanak: Bidaurretako eta Santa Anako klaratarren komunitateak eta Santa Eskolastikako benediktarrena. Batzuk klausurakoak, besteak urtetan hezkuntzan aritutakoak, bakoitzaren bizimodua eta herriari egin dion ekarpena aztertuko da udalak ematen duen Selma Huxley bakari esker. Saritutako proiektua Itsaso Maniasek eta Jone Arrazolak aurkeztu dute.

  Bekak 17.400 euroko dirulaguntza du eta lana egiteko 18 hilabete izango dira. Ikerketa lana egiteko 12 hilabete izango dira eta egindakoa zabaldu eta gizarteratzeko azken 6 hilabeteak. Hori baita udalak babesten duen Selma Huxley Barkham bekaren helburu nagusienetako bat, emakumeen memoria historikoa berreskuratu eta herriari egindako ekarpenak ezagutarazi eta balorean jartzea.

  Udal arduradunak beka eskuratu duten ikerlariekin datozen egunonetan elkartuko dira, lanerako plana eta kronograma zehaztu eta bekaren lehen ordainketa zatia, %20a, gauzatzeko.

  Selma Huxley I. bekari esker Oñatiko emakumiak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista lana egin zen eta bigarrenaren babesean Bizitzak erdigunean. Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista, 1950-2020 lana. Orain, hirugarren ikerketa beka esleitu berri zaio Oñatiko emakume-mojen identitatea, bizimodua eta ekarpena ikuspegi feministatik izeneko proiektuari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!