Oñatiko bi akordeoi-jole izan dira Gipuzkoako jaialdian, Arrasaten
Haizea Idigoras eta Ane Zulueta dira Gipuzkoako akordeoi jaialdian parte hartu duten oñatiarrak. Jose de Azpiazu musika eskolako ikasle hauek bigarren aldiz aritu dira Arrasateko jaialdian, lan polita eginez, Arantzazu Bikuña irakasleak adierazi digunez. Ane Zuluetak urrezko domina lortu du eta Haizea Idigorasek zilarrezkoa. Ondo aritu dira, ondo pasatu dute eta datorren urtean itzultzeko gogoz daudela esan digu irakasleak. Baina orain, jaialdirako prestatu dituzten doinuak alboratu eta Gabonetako kantak ikasteari ekingo diote.
Jose de Azpiazu musika eskolak Arrasateko akordeoi lehiaketara ikasleak eramateko ohitura dauka. Batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, baina gelatik kanpo eta publiko aurrean jotzeko erronka jarri ohi diete ikasleei. Aurten, zapatuan izan zen jaialdian, Oñatiko bi ikasle aritu ziren.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!