Oñatiko berba eta esamoldeen karta-jokoa laster eskuartean izango dugu
Udala eta Badihardugu euskara elkartearen arteko lankidetza aspalditik dator. Horren harira, 2019an Ingo xonau! egitasmoa abian jarri zen, hitanoa eta bereziki emakumeei zuzendutakoa biziberritzeko helburuz. Bi urte beranduago proiektua ikastetxeetara zabaldu zen, ahozko ariketen bidez eta era ludiko batean gaztetxoengan hitanoaren erabilera sustatzeko asmoz. Bide berean abiatu da Oñatiko berba eta esamoldeen karta-jokoaren sortze egitasmoa. Kasu honetan helburua ikasgeletan oñatiera biziberritzea da, herriko euskararen aberastasuna gaztetxoen artean ezagutaraziz eta modu jostagarri batean herriko hizkeran trebatzeko materiala eskuratuz.
Idoia Etxeberria arduratu da karta-jokoaren edukia prestatzeaz eta Mirari Sagarzazu, berriz, kartetarako irudiak sortzeaz. Dena prest dago eta datorren astean eraman asmo da inprentara. 300 karta-joko argitaratuko dira eta herriko ikastetxeetara banatuko dira, ikasleek erabili ditzaten.
42 kartaz osatutako jokoak, jolas bide ezberdinak eskaintzen ditu baina helburua da gaztetxoek Oñatiko berba eta esamolde bereziak ezagutu, barneratu eta horien erabilerari jarraipena ematea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!