Oñatiko argiteria publikoa berritzeko 688 argi hornitu eta jartzeko lizitazioa abiatu du Udalak
Azken Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zen kanpo argiteria publikoa berritzeko LED teknologiako luminariak hornitu eta instalatzeko lizitazioa martxan jartzea. Horretarako oinarria Oñatiko udalaren Energia planaren baitan osatu zen kale argiteria diagnostikoa dago.
Hirigune, industrialde zein landa-eremuko argiteria publikoa osatzen duten 2.741 luminariak aztertu ziren eta gehienak, % 60 inguru, LED teknologiarenak zirela egiaztatu zen. Baina 1.099 luminaria, oraindik, sodio lurrunezkoak eta kontsumo altukoak direla ikusi zen. Bakoitzaren ezaugarri partikularrak aztertu ziren, bai argiztapena nahiz kokatutako kaleen egitura kontutan hartuta, eta kaleak argiteria-koadroka sailkatu ziren. Herrian zehar dauden 14 argiteria kuadrotan aldatzea komeni den 701 argi puntu biltzen direla ikusi zen eta hauek ordezkatuko dira, 688 luminaria berri jarrita.
Aipatu argi horien hornitze eta jartze lanen aurrekontua 498.484,11 euro da, BEZa barne. Lana egiteko 4 hilabeteko epea zehaztu da lizitazio deialdian.
Argiteria publikoa berritzeko lanen bolumen handia eta ezaugarriak kontutan hartuta kaudimen ekonomiko-finantzarioa eta gaitasun teknikoa duten enpresei zuzendutako lizitazioa da Udalak abian jarri berri duena. Horretarako, lizitatzaileen urteko negozio bolumena eta azken hiru urteetan egindako obrak kontutan hartuko dira.
Lanak adjudikatzeko irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da, puntuazio orokorraren %80 izango baita, berme epea luzatzea, memoria teknikoa eta obren inpaktua gutxitzeko proposatzen diren neurriak ere baloratuko dira. Argiteria publikoa berritzeko luminariak hornitu eta jartzeko lizitaziora proposamenak aurkezteko epea abenduaren 13an amaituko da.
688 luminaria aldatu eta LED teknologiakoak jarrita energia kontsumoa %75 murriztu eta 71.000 euro aurreztea aurreikusten da, eta, ondorioz, 7 urteren buruan, orain egingo inbertsioa amortizatzea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!