Oñatiko Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana prest du Udalak
Udalak 30 urtetik gora daramatza adikzioen inguruko udal prebentzio planak egiten. 2021ean plan berria egitea onartu zen baina aurrez, momentuko errealitatea ezagutu eta baloratzeko diagnostikoa egitea erabaki zen, pandemiak eta horren ondorioek, adikzioen arloan ere eragin zutenaren ustea zegoelako. Hala, herriko elkarte, gizarte eragile, udal teknikari eta zenbait herritarrekin batera, prozesu parte-hartzaile baten bidez, egoeraren diagnosia egin zela azaldu du Susana Altuna Ongizateko batzordeburuak. Azaroan aurkeztu ziren diagnostikoaren emaitzak eta horiek oinarri hartuta osatu da Oñatiko Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plan berria.
2023-2028 planak hainbat helburu orokor ditu:
- Oñatiko herritarrak adikzioei lotutako arazoaren inguruan sentsibilizatu eta formatu, horiekiko jarrera aldatzeko eta arrisku faktoreei modu eraginkorrean aurre egiteko babes faktoreak indartuz.
- Biztanle talde zaurgarrienetan prebentziozko esku-hartzearen intentsitatea indartu.
- Prebentziozko esku-hartzean hobekuntza bultzatu, udalerriko komunitatearen inplikazioa erraztuz.
- Plana indarrean dagoen bitartean aurrera eramaten diren esku-hartzeetan etengabe aldatzen ari den fenomeno baten etengabeko berrikuntza eta egokitzapena sustatu.
Helburu horiek eta beste batzuk lortzeko datozen 5 urteetan, ekintza konkretuak gauzatzen joango direla esan du Izaro Elorza alkateak, Udalaren, herriko eragileen eta herritarren lankidetzarekin oñatiarren bizitza hobetzeko bidean. Oñatiko Adikzioen prebentziorako 2023-2028 plana ostegunean egingo den martxoko Osoko Bilkuran onartuko da. Ondoren, udaleko web atarian zintzilikatuko da herritarren eskura jarriz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!