Oñatiko 36 komertziok bat egin dute Bono Denda ekimenarekin
Produktu sorta zabala saltzen duten herriko 36 denda eta zerbitzuek bat egin dute Eusko Jaurlaritzaren Bono Denda kanpainarekin; arropa, elektrotresnak, liburu eta papergintza produktuak, oinetako, optika, informatika, estetika zentro, ile-apaindegi nahiz kirol dendek bat egin dute aurtengo kanpainarekin. Ekimenarekin bat egin duten dendak identifikatzeko kartelak jarri dira erakusleohioetan. Baina batzuk bazekiten eta ilarak sortu dira zenbait denda ataritan, goizean, ireki aurretik.
Gaur hasi eta abenduaren 5era arte luzatuko da kanpaina eta hiru aste hauetan 30 euroko erosketa bakoitzeko 10 euroko deskontua jasoko du bezeroak. 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago eta gehienez hiru bonu jaso ahal izango dira, 30 euro aurreztuz. Guztira 350.000 bono banatu dira, % 15a Araban, % 52a Bizkaian eta % 33a Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak 3 milioi eta erdi euro bideratuko ditu ekimenera baina gutxienez, 10 milioi eta erdi euroko eragina izango du kontsumoan.
Pandemia garaian zabaldu zuen Bono Dendaren lehen kanpaina Eusko Jaurlaritzak, tokiko merkataritza sustatu asmoz. Aurtengoa bosgarrena da baina azkena izango dela iragarri du Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. Tokiko merkataritzaren garrantzia azpimarratu du, jasangarritasuna, hurbiltasuna edota aholkularitza moduko baloreak izateaz gain, gure kaleei bizitza eman eta bertan geratzen den aberastasuna sortzen dutelako herrietako denda eta merkatariek. Beste ohitura batzuk dituzten erosle belaunaldi berriak erakarri nahi dira herriko komertzioetara Bono Denda ekimenaren bitartez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!