Oñatik turismo bulegoen euskal sarean jarraituko du
Orain 20 urte, 2005ean integratu zen Oñatiko turismo bulegoa Itourbask sarean, eta orduz geroztik, urtero berritu da lankidetza konpromisoa. Egun EAEko 60 turismo bulegok osatzen dute aipatu sarea.
Autonomia Erkidegoko turismoari buruzko informazio uniforme, eguneratu eta bateratua eskaintzeko helburuarekin sortu zen Itourbask. Hala, turismo bulegoen euskal sare honek hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, nabarmentzekoa, adibidez, Euskadiko turismo baliabide eta zerbitzuen datu basea. Sarea osatzen duten bulegoei ezaugarri homogeneoak ematen zaizkie, informazioaren estaldura eta edukiei dagokienez; erabiltzaileei zerbitzu-multzo integrala eskaintzen zaie eta hauen asebetetze maila hobetzeko bitartekoak jartzen dira. eta Euskal Herriko turismo baliabideen komunikazio eta hedapena bultzatzen dira.
Lankidetza hitzarmen honen harira, Itourbaskek formazio, aholkularitza, informazio truke zein finantzazio konpromisoak hartzen ditu. Antolatzen diren ekimen eta prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko aukera emango zaie Oñatiko turismo bulegoan diharduten langileei; informazio turistikoaren gaineko azterketak eta txostenak egiteko aholkularitza emango da; turismo sailetik lantzen diren material eta argitalpenak Oñatira helaraziko dira eta informazio turistikoaren zerbitzua mantentzeko 18.200 euroko ekarpena egingo dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Oñatiko Udalari.
Udalak bere aldetik, turismo bulegoan turismo informazioa behar bezala emateko instalazioak bermatuko ditu, beharrezkoak diren baliabideak jarriz, bai materialak eta baita pertsonalak ere; Autonomia erkidegoaren informazio orokorra banatuko du eta arloan formatzen ari diren ikasleei praktikak egiteko aukera eskainiko die, besteak beste.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!