Oñatik biztanleak galtzen jarraitzen du
Errolda datuak berritzeaz arduratzen den udal zerbitzuan eskuratu ditugun datuak dira. Ez dira datu ofizialak, horiek Instituto Nacional de Estadísticak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira; 2024ko urtarrilaren 1eko errolda datua abenduko Osoko Bilkuran jakinarazi zen. Hori hala izaki, eta edozein errolda-aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jasotako datuak ontzat eman daitezke, nahiz eta gora behera txikiren bat egon litekeen, bereziki, beste herri batera bizitzera joan diren erroldatze jakinarazpenak asteetan atzeratu daitezkeelako.
2024an 97 haur jaioberri erroldatu ziren Oñatin. Jaiotakoen kopurua 100 haur baino gehiago izan zen gurean urteetan baina 2016tik ez da kopuru hori lortu. Hala ere, iaz ehuneko horretara nabarmen hurbildu zen jaiotakoen kopurua, aurreko urtean 71 bakarrik izan baitziren. Txanponaren bestaldean hildakoen kopurua dago. 2024an zehar Oñatin erroldatuta zeuden 107 lagun hil ziren. Covid pandemia sortu zenetik erregistratu den hildakoen kopuru txikiena da. Hala ere, jaiotza eta heriotza kopuruen aldea negatiboa izan zen iaz eta jaio baino 10 hildako gehiago izan ziren. Baina 2025 hiru biztanle gutxiagorekin hasi dugu, eta horrek esanahi du, jaiotza eta heriotzen arteko aldea handiagoa izanik ere, kanpotik gurera bizitzera jende berria etorri dela, 7 lagun, hain zuzen.
Oñatik biztanleak galtzen jarraitzen du, azken urteetako datuei erreparatuta. Pandemiaren ondorengo urtean, 2021ean, galera garrantzitsua izan zen, 69 biztanle gutxiago erregistratu zirelako, baina hurrengo bi urteetan egoera irauli zen. 2023tik hona ordea, galera errepikatuaz doa urtetik urtera, eta orain bi urte baino 33 biztanle gutxiago zeuden herrian 2025eko urtarrilaren 1eko dataz. Konketuki, urte hasieran Oñatin erroldatutakoak 11.534 ziren. Horietatik 5.818 emakumeak ziren eta 5.716 gizakumeak.
Azaldutakoak ez dira datu ofizialak, esan bezala. Horiek INEk ematen ditu eta 2025eko urte hasierari dagozkionak, urte akaberan jakinaraziko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!