Oñatiko udala

Oñatik aurreikusitakoa baino ia 341 mila euro gutxiago jasoko ditu Udal Finantzaketarako Foru Funtsatik

2025/02/17
Card image cap
Orokorrean, Gipuzkoako Udalek ia 22 milioi euro gutxiago jasoko dute iazko likidazioa eginda

  2024a mutualisten epaiak markatutako urtea izan zela esan zuen Eider Mendozak Batzar Nagusietan, ostiralean. Gogoratu, Auzitegi Gorenaren epai baten arabera, 1979a baino lehen mutuetan kotizatu zutenei zuzenketa egin behar zaiela errenta aitorpenean, dirua itzuliz. Horrek %4,2ko hasierako hazkunde-aurreikuspenak baldintzatu zituela zehaztu zuen Ahaldun Nagusiak. Hala ere, Gipuzkoak urtea positiboki ixtea lortu duela eta horrek lurraldeko ekonomiaren sendotasuna erakusten duela azpimarratu zuen. 

  Urrian, foru funtsen aurrelikidazioan jada iragarri zen Gipuzkoako udalek urte hasieran espero baino diru gutxiago jasoko zutela eta hala baieztatu da otsaileko likidazioan. Oñatira etorrita, 340.728 euro gutxiago jasoko ditu Udalak iazko foru fondoetatik, guztira, 9.807.376 euro. Euskal sistema instituzionala arrisku partekatuko sistema dela eta salbuespenezko egoerek maila instituzional guztiei eragiten diela azaldu zuen Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, aipatu datuak emateko lurraldeko udal ordezkariekin bildu zenean. 

  2024ko likidazioa eginda, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa 630 milioi euro da, urte hasieran aurreikusten zena baino ia 22 milioi euro gutxiago. Horrek ez du eragin ordea, 2025 honetarako agindu zirenekin eta Gipuzkoako herrietara 672.654.873 euro bideratuko dira, iazko likidazioaren ondoren bideratuko direnak baino ia 44 miloi gehiago. Oñatira, 10.392.000 euro etorriko direla agindu zaio Udalari. 

  2024ko likidazioa negatiboa izan den arren, eta nazioartean gero eta ziurgabetasun handiagoa dagoen arren, Gipuzkoako ekonomiak duen sendotasuna enpleguari eta enpresen jarduerari lotutako zifra onetan islatzen dela esan zuen Eider Mendozak Batzar Nagusietan baina onartu zuen badirela nolabaiteko kezka sortzen duten faktoreak, hara nola urteko azken txapako esportazioen beherakada, AEBetatik muga-zergen arloan iristen zaizkigun albisteak edo Europako merkatu nagusien ahulezia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!