Oñatik aurreikusitakoa baino 834 mila euro gutxiago jasoko ditu 2020ko Foru Funtsatik
2020a urte zaila izan da herritarrontzat eta baita erakunde publikoentzat ere. Diru sarrera gutxiago izan dituzte, eta ondorioz, ohiko nahiz ezohiko gastuetarako diru gutxiago jaso dute, pandemiak beharrak areagotu dituen arren.
Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren 2020ko likidazioa egin berri du Gipuzkoako Ogasunak eta maiatzean egindako lehen doiketa eta urriko aurrelikidazioaren datuak hobetu arren, Gipuzkoako udalek ez dute urte hasieran hitzemandako diru kopururik jasoko. Oñatiko udalak 834.509 euro gutxiago jasoko du. Baina gaitzerdi esan beharko dugu, maiatzeko lehen doiketan jaitsiera 1.650.000 ingurukoa izan zitekeela adierazi baitzuten Foru arduradunek, urteko aurrekontuaren %20 inguru. Udaberrian oso beltz ikusten zen egoera ekonomikoa pitin bat zuzendu zen uda eta udazkenean eta jaitsiera ez da hainbestekoa izan, esan bezala. Kontu egin behar da gainera, maiatzeko doiketa hori hurrengo ordainketetan aplikatu zela, ondorioz, orain, udalak, aurreikusi ez zen diru kopurua jasoko du. Ondo etorriko da dena, udalak krisiak bereziki jo dituen herritar eta sektore zaurgarrienen egoera arintzeko ezohiko laguntzak eman dituelako, udal aurrekontuetan halakorik jasota ez zuen arren. Horri, Kiroldegia berritzeko egin den inbertsioa batu behar zaio.
2020ko likidazioa eginda, Oñatiko udalak 7.416.657 euro jasoko ditu Foru Funtsatik, aurrekontuetan zehaztu zena baino 834.509 euro gutxiago, esan bezala, baina urriko aurre-likidazioan ezarritakoa baino 474 mila euro gehiago.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!