Oñatiko udala

Oñatik aurreikusitakoa baino 346 mila euro gutxiago jaso ditzake Foru Funtsetatik

2024/10/17
Card image cap
Gipuzkoako udalen artean banatzeko 22 miloi gutxiago egongo lirateke, urriko aurrelikidazioaren arabera

  Gipuzkoako Lurralde Historikoaren zerga bilketa %1,02 haztea espero da aurten. Berez, sarreren atala %5,3ko igoerarekin ixtea kalkulatzen da baina irteeretan mutualisten inguruko ebazpenak eragin negatiboa izan duela adierazi zuen Eider Mendoza Ahaldun Nagusiak atzo, Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Gogoratu, Auzitegi Gorenaren epai baten arabera, 1979a baino lehen mutuetan kotizatu zutenei zuzenketa egin behar zaiela errenta aitorpenean, dirua itzuliz. Gipuzkoako Ogasunak itzulketa gehienak uztailean egin zituen. Horrek ondorioak ekarri ditu ez bakarrik Foru Aldundiaren diru kutxara, baita bertatik udaletara bideratzen den Foru Funtsan ere.

  Udalen Finantzaketarako Foru Fondotik urte hasieran agindutakoa baino 22 milioi gutxiago bideratzea aurreikusi da, egin berri den behin behineko likidazioan. Behin betiko likidazioa otsailean izango da, eta gora behera batzuk egon litezke baina, printzipioz, udalek dirua itzuli beharko dutela pentsatzen da.

  2000. urteaz geroztik Gipuzkoako zerga bilketa % 132 handitu da eta urteroko hazkunde jarraituak bi alditan eten dira, 2008-2009 epealdian, garai hartan izandako atzeraldi handiaren ondorioz, eta 2020an, pandemiaren ondorioz. 2020ko Foru Funtsen likidazioan, Oñatik aurreikusitakoa baino 834.509 euro gutxiago jaso zituen. Orain egin den aurrelikidazioaren arabera 346.297 euro gutxiago jasoko lituzke, agindutakoa baino % 3,4 gutxiago. Baina esan bezala, behin betiko datuak, otsailean ezagutuko dira.

  Foru Fondoen 2025eko lehen ordainketa otsailean bideratuko du Diputazioak. Gipuzkoako udalek jada badakite datorren urtean 672.654.873 euro banatuko zaizkiela, Foru Funtsen kontzeptuan. Biztanleen kopuru eta beste aldagai batzuk kontutan hartuta egiten den banaketaren arabera, Oñatiko Udalak 10.392.092 euro jasoko ditu. Garrantzitsua da Foru Funtsetik iristen den dirua, udal aurrekontuaren zati handi bat betetzen baitu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!