Oñatik aurreikusitakoa baino 21 mila euro gehiago jaso ditzake Foru Funtsetatik
2023ko diru bilketa aurreikusitakoaren gainetik dago eta horrek isla izango du udalen finantzaketan, Gipuzkoako Finantzen Kontseiluan jakinarazi denez. Urrian egin ohi den aurrelikidazioaren arabera Gipuzkoako udalek urte hasieran agindutakoa baino kasik 1.383.698 euro gehiago jasoko lituzkete. Oñatira etorrita, Udalak urte hasieran aurreikustakoa baino 21.363 euro gehiago jasoko lituzkeela esanahi du. Kopurua bere horretan mantentzen bada, Oñatik, 9.415.554 euro jasoko ditu Udalen Finantzaketarako Foru Fondotik aurten.
Baina urrian egin ohi dena urteko lehen errebisio edo estimazioaren araberako aurrelikidazioa besterik ez da, otsailean egingo da azken likidazioa, eta orduan seguru jakingo dute Gipuzkoako udalek zenbat diru jasoko duten Diputaziotik, 2023ko Foru Funtsaren ordainketa kontzeptuan. Gerta liteke orain aurreikusitakoa baino gehiago edo gutxiago izatea, baina gauzak asko okertzen ez badira, urte hasieran agindutakoaren gainetik egongo dela dirudi. Orduan jada orain arteko Foru Funtsarik handienaz berba egin genuen eta, bide berean jarraituz gero, 2024koak ere errekorra apurtuko du.
Itxaropentsu daude Foru Ogasuneko arduradunak eta UFFFa % 7,78 jasotzea erabaki dute, aurtengo urte hasierako aurrekontuarekiko. Gipuzkoako udalen artean 650.744.000 euro banatzea erabaki da. Oñatik 10.148.105 milioi euro jasoko ditu datorren urtean, hau da, aurtengorako agindu zena baino 732.551 euro gehiago. Oñatik eta Gipuzkoako gainontzeko udalek Foru Funtsetatik inoiz izan duten ekarpenik handiena izango da.
Euskal erakunde-sistema, onerako eta txarrerako, arrisku partekatuko sistema dela gogorarazi du Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak Gipuzkoako Finantza Kontseiluko bileran. Diru bilketaren albiste positiboak maila guztietako erakundeentzat direla zehaztu zuen, baita udalentzat ere. Hala, aurten, 610 milioi izango ditu Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak eta 651 milioi datorren urtean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!