Oñatiarren iritzia zuzenean jaso nahi du Amaia Erostarbe alkategai jeltzaleak
Euzko Alderdi Jeltzaleak entzute-ariketa jarri du abian herritarren behar, nahi eta ekarpenak zuzenean entzun eta jasotzeko, baita herriko elkarte eta eragileekin hitzorduak adosteko ere. Amaia Erostarbe alkategaia hasi da herriko elkarte eta eragile batzuekin batzartzen, beraien kezka, proposamen eta iradokizunak entzun eta jasotzeko, Oñati eta oñatiarren etorkizuna herritarrekin eta elkarlanean eraiki nahi duela esan du. Ekarpenak jasotzeko bide ezberdinak zabaldu dituzte.
Amaia Erostarbe alkategaia bihar, ostiralean eta larunbatean kalean egongo da herritarrei entzun eta beraien proposamenak aurrez aurre jasotzeko. Bihar, San Lorentzoko beheko plazan eta ostiralean, hilaren 31n Bidebarrietan, Errementari plazan egongo da, 17:30etatik 19:00etara. Larunbatean berriz, Foruen enparantzan hartuko ditu herritarrak, 11:30tik 13:00etara. Egun eta ordu tarte horietatik kanpo ere izango da Erostarberekin berba egiteko aukerarik, hitzordua eskatuta. Aukera ezberdinak jarri dira horretarako: whatsapp bidez 747 474 480 zenbakira idatzita edo mezu elektronikoa bidalita eajpnvonati@gmail.com helbidera. EAJk kaleratu dituen karteletan txertatu den QR kodea deskargatuta edo sare sozialen bitartez ere ekarpenak egiteko aukera zabaldu du Oñatiko EAJk.
Hauteskunde programan udalerriko gune guztietako egoera eta beharrak aintzat hartzea ezinbestekoa dela esan du Amaia Erostarbek eta horretarako, herritarrei hitza ematea beharrezkoa dela gehitu du. Alkategai jeltzaleak herritarrak gonbidatzen ditu ekarpenak egin eta elkarlanean aritzera.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!