Oñatiko udala

Oñatiar batek parte hartuko du Gipuzkoako Eskolarteko bat-bateko Txapelketan

2025/03/05
Card image cap
Uxue Igartuak Amasako kanporaketan kantatuko du

  Bertso-afari formatuan jokatuko da aurten ere Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa eta Txinparta Bertso Eskolako ordezkari batek parte hartuko du: Uxue Igartuak. Errezilgo Erniope elkartean abiatuko da ostiralean Gipuzkoako Eskolarteko txapelketa. Ondoren etorriko dira, Aretxabaletako Urbeltz elkartean martxoaren 14an jokatuko den kanporaketa eta martxoaren 21ean Aizarnazabalgo Mikel elkartean eta Amasako Martina Kultur elkartean izango diren azken biak. Amasakoan parte hartuko du Uxue Igartua oñatiarrak.

  Guztira, 14 eta 18 urte bitarteko 25 gaztek eman dute izena Gipuzkoako txapelketan eta lau kanporaketa izango dira, esan bezala, apirilaren 4an, Azpeitian jokatuko den finalekoaren aurretik. Uxue Igartua oñatiarrak 18 urte ditu eta, ondorioz, eskolartekoan parte hartu ahal izango duen azken aukera du.

  Eskolartekoa bertso afari formatuan jokatuko da eta lau kanporaketarako txartela eskuragarri daude jada, bertsosarrerak.eus atarian, 16 eurotan. Amasako saioan, Uxue Igartuarekin batera arituko dira: Jare Bengoetxea, Haritz Murua, Mateo Larraza, Suhar Gesalaga eta Sustrai Goenaga. Saioa martxoaren 21ean izango da, 20:00etan hasita.
Errezilgo lehen kanporaketan 7 bertsolari arituko dira eta beste hiruretan, seina. Kanporaketa bakoitzean bertsolariek hainbat ariketa osatu beharko dituzte, bakarka zein binaka, gai eta neurri ezberdinetan. Puntu gehien lortzen dituen bertsolariak finalerako txartela zuzenean jasoko du eta beste lauak, puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

  Iaz Lide Arregik parte hartu zuen Gipuzkoako Eskolartekoan baina aurten ezin du, adin muga gainditzen baitu. Pasa den ostiralean Bertsoxurla sariketako finalean aritu zen Arregi, Kattin Madariagarekin bikotea osatuz eta Irantzu Idoate eta Araitz Katarainekin neurtzeko helburuz. Jende gutxi hurbildu zen Hazparneko finalera eta epailea publikoa denez, bi bikoteak parean eta irabazle izendatzea erabaki zuten antolatzaileek.

Iturria: Oñati Irratia

 

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!