Oñati Institutuko eta Elkar Heziko DBH4ko hainbat ikaslek First Lego League lehiaketan parte hartu dute

First Lego League Challenge LEGO robotikan oinarritutako hezkuntza-programa da, 6-16 urte bitarteko gazteentzat. Bertan, ikasle taldeek ikerketan, programazioan, ingeniaritzan eta arazoen konponketan lan egiten dute eta LEGO Education materialarekin robot bat eraiki eta programatu behar dute, erronka ezberdinak gainditzeko. Lehiaketan hainbat ariketa egin behar dira: hainbat misio konpontzeko gai izango den robota diseinatu eta programatu, urteko gaiaren inguruan arazo erreal bat identifikatu eta konponduko duen Berrikuntza Proiektua garatu, eta azkenik, oso garrantzitsuak diren talde-laneko funtsezko balioak aplikatu eta defendatu behar dituzte.
Larunbatean First Lego League lehiaketako saioetako bat Arrasaten jokatu zen eta Oñati Institutuko eta Elkar Heziko DBH4ko hainbat ikaslek parte hartu zuten. Parte hartu ez ezik, sari bana lortu zuten, institutukoek, Proiektu Berritzailearen 2. saria eta Elkar Hezikoek Kidetasunaren saria.
Aurtengo gaia SUBMERGED+ izan da eta itsas-ikerkuntzan diharduten pertsonek dituzten arazoei aurre egin behar izan diete ikasleek. Oñati BHIko taldeetako batek itsaslabarretako habitata ikertzen duten itsas biologoen lanean jarri du fokua. EHUko Plentziako Itsas Estazioko ikerlariekin eta Mutrikuko Kardala Lanbide Heziketako akuikulturako adituekin harremanetan aritu dira proiektua garatzeko. Itsaslabarreko ekosistema irisgarri bat izateko proiektua aurkeztu dute ikasleek; alde batetik, kamera eta sentsoreak erabiliz, eta, bestetik, egitura metaliko mugikor baten bitartez, habitat horiek ikertzeko aukera jende askori zabaltzea ahalbidetuko lukeen sistema garatu dute. Egitasmo honekin Proiektu berritzailearen 2. saria irabazi zuen institutuko Arranoaitz taldeak. Elkar Heziko taldeak, berriz, Kidetasunari Saria lortu zuen, lankidetza, komunikazio eraginkorra eta harmonia nabarmentzen dituen saria.
Guztiak pozik itzuli ziren Arrasaten egindako lanarekin. Arrasaten bezala, Donostian, Bilbon eta Gasteizen egin ziren larunbatean, 16. FIRST LEGO League Euskadi saioak. Guztira 170 ikasle-taldek parte hartu dute, tartean, Oñatiko hiruk.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!