Oñati institutuak Hasierako Lanbide Heziketako ziklo berria eskainiko du 2025-2026 ikasturtean

Herriko lanbide heziketa eskaintza zabaltzen ari da urtetik urtera. 2022-23 ikasturtean Administrazioko Zerbitzuetako Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen hasi ziren, DBH titulurik ez duten gazteei zuzenduta, eta datorren kurtsoan Fabrikazio eta Muntaketako oinarrizko profesionala zikloa emango dute, kolektibo berari zuzenduta. Bi urtetan oinarrizko profesional titulua ez ezik DBHko agiria ere lortuko dute ikasleek. Eta hala nahi dutenek erdi mailako heziketa ziklo batean jarraitu ahal izango dute formazioa osatzen. Oinarrizko ziklo hori egindakoek gainera, lehentasuna izango dute eraikuntza eta mantentze arloko beste lanbide zikloetan (elektrizitatea eta elektronika; informatika eta komunikazioak; fabrikazio mekanikoa; instalatze eta mantentze lanak; energia eta ura; erauzpen industriak; itsasoa eta arrantza; kimika, garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak; zurgintza, altzarigintza eta kortxoa; eta eraikuntza eta obra zibila). Fabrikazio eta Muntaketako Oinarrizko Profesionala ziklo hau berria da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Larraña Lanbide Heziketa institutuan soilik ikasi ahal izango da 2025-2026 ikasturtean.
Hasierako Lanbide Heziketako zikloetara sartu ahal izateko hiru baldintza bete behar dira: 15 urte beteta edo urtean betetzea; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila, edo salbuespen gisa, bigarren maila eginda izatea eta irakasleek guraso edo legezko tutoreei halako ziklo batera bideratzea proposatu izana.
Hasierako Lanbide Heziketako zikloez gain, urteetan eskainitako erdi mailako hiru zikloak mantentzen dira Larrañako eraikinean: mekanizazioa, mantentze lan elektromekanikoa eta natura inguruneko eta astialdiko gidari lanak, eta azken honi lotuta, Egokitze Fisikoko Goi Mailako Zikloa ere bai, 2023-2024 ikasturtetik.
Lanbide Heziketa arloan maiatzaren 5etik 23ra izango da aurre-matrikula epea baina ikastetxeak hasi dira jada eskaintzen inguruko informazioa zabaltzen eta ate ireki jardunak antolatzen. Hala, aipatutako guztiari buruzko argibideak bihar bertan, apirilaren 9an edo maiatzaren 7an egingo diren ate ireki jardunaldietan emango da Larraña ikastetxean bertan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!