Oñatiko udala

Oñati ibaian Itavex presa txikia eraisteko proiektua ikusgai du Foru Aldundiak

2024/12/19
Card image cap
Ur ibilguak lehengoratu eta arrainen migrazio-mugimenduetarako oztopoak kentzeko plangintza orokorraren baitan egingo dira lanak

  Foru Aldundiak 2018an osatu zuen Gipuzkoako erreketan dauden oztopoak kentzeko plan nagusia, hurrengo urteetarako esku-hartzeak zehaztuz, eta lehentasuna beharko luketen guneak identifikatuz. Hala, 16 urtetan 123 presa eraistea aurreikusten da. Horietako bat da Oñati errekan dagoen Itavex presa txikia.

  Itavex presa txikia Elorregi auzoan dago, Oñati errekan, baina Oñati eta Deba ibaiek bat egiten duten gunetik oso hurbil, 30en bat metrotara. Berez, Bergarako udalerrian kokatzen da baina egitasmoaren berri Bergarako Udalari ez ezik, mugakide dituen Arrasate eta Oñatiko Udalei ere eman die Aldundiak, aipatu presa eraisteak errekaz gora nahiz behera dauden zubi eta urei eragin baitiezaieke. Hala zehazten da behintzat, jendaurrean dagoen proiektuan.

  Itavex presa txikia hormigoizkoa da; 18 metro luze, 40 bat zentimetro zabal eta metro eta erdi eta bi metro arteko altuera dauka presak, lekuaren arabera. Presa eraisteko lanak egiteko, inguruko lursail batzuk aldi baterako hartuko direla dio proiektuak, presarako bidea egin eta makineria, materiala eta langileen kasetak bertan kokatzeko. Lanak bi hilabeteko epean egitea aurreikusten da eta 32.438 euroko aurrekontua zehaztu da. Baina esleipen prozesuari hasiera eman aurretik proiektua jendaurrean jartzeko tramitea bete behar da.

  Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen egoitza nagusiko bulegoetan ikus daiteke Itavex presa txikia eraisteko proiektua eta baita onlin, Foru Aldundiaren web atarian. 2025eko urtarrilaren 9ra arteko epea dago dokumentua ikusteko.

  Gipuzkoako diputazioa lurraldeko erreka eta ibaien ibilguak lehengoratu eta fauna eta flora berreskuratu eta babesteko urratsak ematen ari da, besteak beste, arrainen migrazio-mugimenduetarako oztopo diren presak kenduz. Horrek, aspaldian hasi ziren hondakin uren saneamendu lanekin batera, erreketako uraren kalitatean zuzenki eta onerako eragin du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!