Oñatiko udala

Oñati eta Ibarrako gazteekin elkartrukea egingo duten italiarrak arratsaldean iritsiko dira

2023/10/10
Card image cap
Erasmus+ proiektuaren inguruko bilera teknikoa Italian, pasa den astean
ERASMUS + programa beteko dute kulturartekotasuna oinarri hartuta

  Oñati, Ibarra eta Italiako Bedizzole herriko gazteek parte hartuko dute ERASMUS+ egitasmo honetan. Gipuzkoako ordezkariak Italian, azken xehetasunak lotzen, pasa den astean izan ziren eta gaur arratsaldean iritsiko dira italiar gazte eta hezitzaileak gurera.

  Oñati eta Ibarrako hezitzaileek aireportuan hartuko dituzte Italiako lagunak eta Zarautza eramango dituzte, bertako aterpetxean ostatu hartuko baitute, Gipuzkoako lagunekin batera. Bai orain gurean eta baita abenduan Italian ere, egitasmoan parte hartzen duten 39 gazteak eta 6 hezitzaileak elkarrekin egongo dira, 13 gazte eta 2 hezitzaile herriko. Gaur, elkar-ezagutzeko jolas eta dinamika ezberdinak egingo dituzte.

  Italiarrak domekara arte egongo dira Euskal Herrian eta bihar, Oñatin pasako dute eguna. Arantzazuko parketxera joango dira goizean eta bisita gidatua egingo dute, eguerdian, berriz, harrera egingo zaie udaletxean. Gaztelekuan bazkalduko dute eta arratsaldean Larraña etxera joango dira bertan bizi diren hainbat lagun ezagutzeko.

  Hurrengo egunetan Zaporeak GKE, udan Txernobilgo haurrak hartzen dituen elkartea edota Euskadin bizi diren hainbat senegaldarren elkartea ezagutzeko aukera ere izango dute. Cultural shake edo astindu kulturala izena jarri zaio Oñatik, Ibarrak eta Italiako Bedizzolek osatu duten Erasmus+ egitasmoari eta kulturartekotasuna oinarri hartuta, Europan bat egiten duten kultura eta errealitate ezberdinak ezagutu eta onartzean datza. Hala, migrazio-mugimenduak eta errefuxiatuen egunerokotasuna bereziki landuko dute. Helburua, azterketa kritikorako parte hartzaileen gaitasuna garatzea da, eguneroko gizarte harremanetan sortzen diren estereotipoak baztertzeko.

  Taldea abenduaren 2tik 7ra berriro elkartuko da berriro, Bedizzolen, Italian. Eta han beste errealitate eta esperientzia batzuk hurbiletik ezagutzeko aukera izango dute hemengo eta hango gazteek.

  Erasmus+ egitasmoa guztiz berria da Oñatiko eta Ibarrako Gaztelekuentat eta bertan biltzen diren gazte eta hezitzaileentzat. Bidean, foru aldundiaren laguntza eta babesa izan dute. Iazko irailean hasi ziren proiektua lantzen eta egin ahalaz, ikasten ari dira. Parte hartzen duten gazteek inplikazio zuzena izan dute orain arte bete diren urratsetan. Oñati eta Ibarrako gazteak elkar ezagutzeko topaketak egin dituzte eta ordu gutxi barru elkartruke honetako azken lagunak, italiarrak ere ezagutuko dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!