Oñatiko udala

Oñati eta Elorregi artean autobus lanzadera zerbitzua jartzea proposatuko dio EAJk Foru Aldundiari

2024/02/22
Card image cap
Oñatik inguruko udalerriekin eta hiriburuekin duen lotura hobetzea da helburua

  Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarrita, bilera egitea eskatu du Oñatiko EAJk, herriko garraio-publiko loturak hobetzeko helburuz. Oñatiko herrigunea San Prudentzioko autobus-geltokiarekin lotuko duen anezka edo lanzadera-zerbitzua martxan jartzea eskatuko zaie Aldundiko ordezkariei. EAJk mugikortasun iraunkorra eta ekitatiboa sustatzeko duen konpromisoaren baitan kokatu dute ekimena Oñatiko jeltzaleek, prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

  Garraio publikoaren konexioa hobetzea beharrizan handia da Oñatin, eskualdeko komunikazio-bide nagusi den GI-627 errepiderako loturatik zazpi kilometrotara baitago. Kokapen horrek zaildu egiten du inguruko herrietara edota hiriburuetara joateko garraio publikoarekiko konexioa. Ondorioz, ibilgailu pribatuen erabilera areagotzen da eta nekezagoa da autoa eskuragarri ez duten herritarren egoera. Beste herritar askok duten moduan, oñatiarrek ere garraio publikoa eskuragarri izan dezaten eta Lurraldebuseko autobusen ibilbide nagusiekiko lotura errazte aldera, proposatzen dute jeltzaleek autobus anezka edo lanzadera jartzea Oñati eta Elorregi artean.

  Debagoienan mugikortasun iraunkorra sustatzeko funtsezko ekimena dela azpimarratu du Oñatiko EAJk prentsa oharrean, ibilgailu pribatuekiko mendekotasuna murriztu eta garraio publikoaren erabilera bultzatzen baitu. Hala, Foru Aldundiaren babesa jaso eta zerbitzu berria lehenbailehen martxan jarri ahal izatea espero dute jeltzaleek, garraio publikoan aurrerapausoa emango delako Oñatin, eta, oro har, Debagoienean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!