Oñatiko udala

Oñati eta Debagoiena osoan herri galdeketa egingo da ekainaren 12an

2016/02/29
Card image cap
Egingo den galdera: nahi al duzu izan euskal estatu independiente bateko herritar?

  ERAIN Debagoiena elkarteak sustatuta egingo da Debagoiena eta Aramaion herri galdeketa. Hala aurreratu zen zapatu eguerdian Arrasaten.

  Gure esku dago ekimenaren haritik, erabakitzeko eskubidearen aldeko sentsibilizazio eta aldarrikapena egin da aurreko urteetan. Orain, eskubidearen ariketa praktikoa gauzatuko da ekainaren 12an. Herri galdeketan 16 urtetik gorako herritarrek izango dute parte hartzeko aukera. Emaitzaren gainetik, ahalik eta parte hartze handiena lortzea da Erain Debagoienaren helburua. Horretarako, hiru fase ezberdin beteko dira datozen hilabeteotan: galdeketaren babeserako sinadura bilketa, auzoak eta herriak girotu eta herri galdeketaren antolaketa bera eta ekainaren 12an, herri galdeketa. 

  Lehen fasean, herriek beren etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea dutela babestuz, herri galdeketa egin ahal izateko sinadurak batuko dira. Debagoiena eta Aramaikoko 65.000 biztanleen % 10 baino gehiagoren sinadurak jasoko dira. Bitartean, auzo eta herriak galdeketarako girotuko dira, hainbat ekintza eta egitasmo eginez, galdeketa bailararen egunerokotasunen presente egon dadin. Aldi berean, herri galdeketa gauzatu ahal izateko beharrezko antolaketa martxan jarriko da. Helburua ekainaren 12ko herri galdeketa bera izango da.

  Etorkizuna elkarrekin eta demokratikoki erabakitzeko denon bozka beharrezkoa dela azpimarratu zen herri galdeketaren aurkezpen ekitaldian. Egitasmoari babesa emanez Debagoienako 150en bat lagun esanguratsu bildu ziren Arrasateko Kulturaten, tartean Oñatitik joandako 25.

  Zapatuan Arrasaten egin zen aurkezpen orokorraren ondoren herriz herrikoak egingo dira eta Oñatin, martxoaren 12an Santa Ana aretoan izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!