Oñatiko udala

Oñati eta Beskoitze herrien arteko harremana indartu nahi da

2025/04/09
Card image cap
Ikastolak gonbidatuta Beskoitzeko ordezkaritza larunbatean etorriko da eta udaletxean harrera egingo zaio, eguerdian

  2019an abiatu zen Beskoitze eta Txantxiku ikastolen arteko harremana. 6 urte hauetan hainbat ekintza eta topaketa burutu dira bi herrietan: Manex Pagolari omenaldia, Oñatin, 2020ko otsailean; BI IKASTOLA, ZUBI BAT proiektua eta bi ikastoletako familia eta langileen joan-etorriko bisitak 2023an, edota Beskoitzeko ikastolak eraikin berria izan zezan egin ziren hainbat ekitalditan eskutik joatea, 2023-2024 ikasturtean. Orain, eta beskoiztarren ekimenez, bi herrien arteko harremana indartzeko urrats berriak emango dira.

  Txantxiku ikastolaren astea ospatzen ari diren honetan, beskoiztarrak Oñatira etorriko dira asteburuan. Horren haritik, ekitaldi sorta berezia antolatu da, Oñatiko Udala, Oñatz dantza taldea, Aixotu euskara taldea eta Aloña Mendiko pilota sailarekin batera. Larunbat eguerdian harrera egingo diete Beskoitzeko Herriko Etxeko ordezkari eta gainerako eragileei udaletxean, Izaro Elorza alkateak eta Iñaki Olalde kultura zinegotziak. Ondoren, ikastolako jolaslekuan, plaza dantzak eta herri bazkaria izango dute. 16:00etan pilota jolasak antolatu dira beskoiztarren eta oñatiarren artean, plazako pilotalekuan eta 17:00etan euskal dantza saioa izango da Oñatz eta Beskoitzeko Oinak Arin taldeen eskutik. Amaitzeko, 18:30etatik aurrera, trikipoteoa antolatu da. Asberuruari amaieera emateko, igande goizean, Oñatin geratu diren beskoiztarrekin, Arrikutzeko kobara bista egingo da eta bazkaria, Araotzeko elkartean. Oñati eta Beskoitze arteko harremanak sendotzea da helburua, ikastolen arteko elkar-ezagutzatik hasi zen ekimena herrien artekoa bihurtzea lortu nahi da. 

  Egun hauetan Txantxiku ikastolaren astea ospatzen ari dira, esan bezala, eta larunbatera bitartean ekintza ezberdinak egingo dira, ikastolan eta herriko beste eraikin zein gunetan. Ostiral arratsaldean, Santa Ana guneko jolas lekuan muntatuko den jolas parkea herritar orori irekiko zaie eta larunbat goizean, puzgarriak eta tailerrak izango dira herriko plazan. Arratsaldeko pilota jolasak eta dantza erakustaldia ere herritar guztientzat izango dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!