Oñatiko udala

Olio arrasto handi bat garbitu dute goizean Kalegoienatik Udanarako bidean

2024/07/15
Card image cap
SOS Deiak-ek eman dio abisua udaltzaingoari

  11:30ak inguruan jaso dute ohartarazpena udaltzaingoaren bulegoan, arriskutsua gerta zitekeen olio arrasto handia antzeman dela Kalegoienako BUS geltokitik Bidaurretako errotondara eta hemendik Udanaruntz. Herri barruko errepideen ardura udaltzaingoari dagokio eta ondorioz, kale garbitzaileei jakinarazi zaie, harea edo bestelakoak botaz, herri barruko errepideak garbi gelditu daitezen.

  Azken orduko intzidentzia horrezaz gain asteburuan beste batzuk izan direla jakinarazi digu udaltzainburuak. Zapatu arratsaldean, esaterako, zaintzen ari zen txakurrak haginka egin eta pertsona bat Arrasateko ospitalera eraman beharra izan zuten, eragindako zauria osatzeko. Gainera, zapatutik domekarako gauean bi kotxetan kalteak salatu dira. Autoetako batek erretrobisorea apurtuta zuen, besteak, kristaletako bat. Ez da lehen aldia aparkatutako autoetan kalteak salatzen direla eta, badirudi, bakarren bat halakoak nahita egiten ari dela; erretrobisoreak edo kristalak apurtu ez ezik, kotxeen txapak markatzen ari dira azken asteburuetan.

  Asteazkenean hasiko dituzte, bestalde, Olakuako 5.area deritzonean irisgarritasuna hobetzeko lanak. Aurrez, 10D eta 13 zenbakidun eraikinaren arteko aparkalekua hustu beharko da; ingurua zintaz itxiko dute udaltzainek. Langileen aldagela eta kabinak nahiz materiala, Olakua 15A eta 15B blokeen atzealdean kokatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!