Oñatiko udala

Olapoto-Mojasoro-Aldakiño basoa berreskuratzeko lanak hastear daude

2022/12/21
Card image cap
Bidezidorren sarea antolatu, zonalde berriak egokitu eta zuhaitz mozketa eta kimaketa lanak egingo dira lehen fasean

  1972an erosi zuen Udalak Olapoto-Mojasoroko lursaila, eskolak eta parke publiko bat egokitzeko helburuz. Natur eskola Olakuako eskola txikian kokatu zenetik, inguruaren balio pedagogikoa eta garrantzia handitu da.

  Lantzen ari den HAPOaren aurrerakin fasean gunearen kalifikazioa aldatzea proposatzen da eta hiri lur izaera, lurzoru ez urbanizagarri bihurtu eta balio estrategiko altuko nekazaritza-abeltzaintza eremuan sailkatzea aurreikusten da. Inguruak duen funtzio estetiko eta dibertimenduzkoaz gain, hiri klima leundu eta konfort klimatikoa hobetzeko nahiz klima aldaketaren prebentzio eta egokitzapenerako gune garrantzitsutzat du Udalak.

  Baina oinarrizko zaintza eta hobekuntza lanak eskatzen dituen gunea ere bada Olapoto-Mojasoro-Aldakiñoko hiri-basoa eta berreskuratzeko lanak faseka egitea erabaki da, LUR Paisajistak enpresak osatu zuen proiektuaren arabera. Esleitu berri diren kontratuan lau esku-hartze nagusi aurreikusten dira: bide sarea egokitzea, bide sare nagusia eta bidezidorren sarea antolatuz; zonalde berriak egokitu, sarrera berri bat irekiz; Natur eskola inguruan egonleku berri bat egokitu, ur-putzua eraiki eta landaketa berriak egin eta baso egitura berrirako lanak burutu, hau da, zuhaitz mozketa eta kimaketa lanak egin. Datozen egunetan hasiko diren berreskuratze lanen helburua herritarrei baso erabilera zabaltzea da, inguruak berez duen balio naturalari eusten zaion aldi berean.

  Lau enpresa aurkeztu ziren Olapoto-Mojasoro-Aldakiño basoa berreskuratzeko lanak egiteko lizitazio deialdira eta Udalak Ekopaisaia SLLren eskaintzaren alde egin du. Aurrekontua erabakigarria izan da esleipenean, Udalak zehaztutako aurrekontua, 26.000 eurotan merkatu baitu. 5 urteko berme-aldia eskainiz hobetu du eskaintza Ekopaisaia enpresak. Lanak hastear daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!