Olakuako urmaela, urik gabeko aisialdi gune bihurtuko da
Urteetan Olakuako auzoaren ikur izan den urmaela desagertzera doa; urez hustuko da, Bidaurretaraino doan ur kanala lurperatuko da eta urmaelaren oinarria den putzua, egonleku bihurtuko da, inguruko jolaslekuarekin integratuz. Esku-hartze honekin, azken urteotan kezka-iturri diren arratoiekin eta zikinkeriarekin amaitu nahi da, inguruaren irisgarritasuna hobetzearekin batera.
Urmaelaren gaineko zubia mantendu egingo da, San Andres kooperatibako ordezkariek eskatu bezala, eta honek jolasgunearen gainaldeko bidearekin osatzen duen pasabide-gurutzea ere gordeko da. Bestela, egungo putzuaren oinarria hormigoi inpresoz estaliko da eta mailakatutako terraza moduko egonlekuak sortuko dira. Inguruko lorategi eta jolasgunearekin integratuko da pasabide berriak eta landaketa berriak eginez. Izarraizpe Paisajistak enpresak osatu duen proiektuak batasuna emango dio Olakuako gune berde honi, inguruaren irisgarritasuna hobetuko da.
Lanek 100.000 euro inguruko aurrekontua dute. Etzi eztabaidatuko diren 2025eko udal aurrekontuen proposamenean jaso dira eta, ondo bidean, udaberrian egin asmo dira. Lanak 6-8 astetan burutzea aurreikusten da, baina lizitazioaren arabera eta kontratatzen den enpresaren momentuko baliabideen arabera, lehenago edo beranduago egingo dira.
Ekaina hasieran ospatuko diren auzoko jaietarako amaitu nahi dira, baina epe hori betetzea ezinezkoa bada, ondoren hasiko dira.
Egin asmo diren lanak San Andres kooperatibako ordezkariei aurkeztu zaizkie eta begi onez hartu dituzte. Urak eragiten zituen zikinkeria eta arratoi arazoa konpondu asmo da, inguruaren izaera gorde eta auzoaren ikur bihurtu den zubia mantenduta. Parke berria topagune atsegin eta irisgarria izatea da helburua.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!