Oñatiko udala

Olakuako 3. areako irisgarritasuna hobetzeko lanak ia amaitu dira

2023/10/05
Card image cap
Kale altzari eta xehetasun txiki batzuk falta dira bakarrik

  Jarritako epea bete baino lehen bukatu ditu Morga enpresak Olakuako 3. arean irisgarritasuna hobetzeko lanak. Zoruko seinaleztatzea pasa den astean egin zen, aparkalekuak eta trafikoaren norabidea zehazteko seinaleak margotu ziren, eta oinezkoen pasabideak babesteko zutoinak jarri dira astean. Lanak guztiz amaitzeko kale altzari batzuk jartzea besterik ez da falta.

  Olakua 1 eta 2 zenbakidun etxe-blokeen inguruak egokitu dira, aurrez 2-3 eta 3-4 etxe-bloke inguruetan egin ziren lanen eredua jarraituz. 2A-2B atariek igogailua duten aldean espaloia zabaldu da, oinezkoek errepidera jaitsi gabe joateko aukera ahalbidetuz, eta etxeen aldameneko ibilbideak berritu dira, zoladura berria jarriz eta bidea oztopatzen duten bide-seinaleak eta farolak lekualdatuz. Plataforma bakarra eratu da, galtzada eta espaloiak altura berean jarrita. Autobus geltokirako pasabidea ere egokitu da. Oinezkoen ibilbideak, zebra-bideak eta mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak berritu dira, irisgarritsun arauetara egokitzeko, edo araua guztiz bete ezin den kasuetan, orain arteko egoera hobetuz. 2B atariaren aldameneko berdegunean 8 aparkaleku berri egokitu dira. Ekainean hasi ziren lanok aprobetxatuz, bestalde, inguruko saneamendu eta ur hornidura sarea berritu dira.

  Lanek 275.469 euroko aurrekontua izan dute eta bost hilabeteko epea zehaztu bazen ere, lauren buruan egin dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!