Oñatiko udala

Olakua eta San Lorentzoko hautesleek Natur Eskolan emango dute botoa aurrerantzean

2024/04/26
Card image cap
Hauteskunde mahaiak Olakuako dorrean
Olakuako dorrean edo Txiki Txokon jartzen ziren lau hauteskunde-mahaiak Natur Eskolan kokatuko dira, ekainaren 9an

  15 boto-mahai jarriko dira Oñatin Europako Parlamenturako hauteskunde egunean. Horietatik 4 Natur Eskolan kokatuko dira, estreinako aldiz. Olakuako dorrean eta Txiki Txoko haurreskolan jarri ohi ziren mahaiak Natur Eskolara aldatuko dira.

  Toki egokiagotzat jo dute udal arduradunek Natur Eskola, bi hautesle leku bateratzeko aukera ematen duelako, zaintza errazten duelako eta ordezkatuko dituzten lekuek baino erosotasun handiagoa ematen duelako eraberrituta dagoen Natur Eskolak. Txiki Txokon, esaterako, arazo logistikoak sortzen ziren, 0-2 urte arteko umeak hartzen dituen haurreskolako instalazioak hauteskundeetarako moldatu behar izaten zirelako, ostiral arratsaldean dena jaso eta astelehen goizeko lehen ordutarako berriro prestatuz. Olakuako dorrearen sarreran berriz, tenperatura izan ohi zen buruhauste nagusia, hotz handia egiten duelako, bereziki negua. Baina egutegi arazo bat ere planteatzen zen ekainaren 9rako, Europar parlamenturako hauteskundeak Olakuako jaiekin batera baitatoz eta zaila ikusten zen, txosna, jai gunea eta hauteskunde mahaiak bateragarri egitea. Ez da halakorik gertatuko eta Olakuako dorreko hauteskunde-mahaiak Natur Eskolan jarriko dira, Txiki Txokon jartzen zirenekin batera. Hala adieraziko zaie Olakua eta San Lorentzon erroldatutakoei, datozen egunotan, etxera, iritsiko zaizkien hautesle txarteletan. Beste hauteskunde lekuei dagokionean ez dago aldaketarik, eta Zubikoako kantxa urdinean eta Santa Marinako eskolan kokatuko dira beste 11 boto mahaiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!