Oñatiko udala

Olakua auzoko 3. area eraberritzeko obrak gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2023/03/02
Card image cap
Kultura departamentuaren urteko dirulaguntzak eta Eltziako erdi sotoa margotzea ere aztergai dira

  8 puntuko lan zerrenda osatu da gaurko batzarrerako eta azpimarratzekoa da Olakua auzoko 3.area eraberritzeko obren kontratazio espedientea onartu eta esleipen prozesua abiatzea proposatuko dela. Olakuako 3.area deritzonak, Olakua 1A-1B-1C etxe inguruak eta 2A-2B zenbakien arteko eremua hartzen du. Olakua 2-3 eta 3-4 etxe-bloke inguruetan egindako lanak eredu hartuta, aipatu area eraberrituko da, irisgarritasun irizpideak jarraituz, eta autobus geralekurako oinezkoen pasabidea eta aparkalekuak egokituko dira. Ur saneamendu eta hornidura sareak ere berrituko dira. Lanen aurrekontua eta esleipenerako baldintzak aztertuko dira arratsaldeko bileran, onartu eta prozesua abiatzeko.

  Lan kontuekin jarraituz, Eltzia eraikineko erdi sotoko hainbat gune eta elementuen margotze lanak kontratatzea proposatuko zaie udal gobernu taldeko kideei. Eltziako erdi sotoko gelak aukeratu dira aurtengo udaleku irekien koordinaziorako eta haur eta gaztetxoak hartzeko topagune moduan. 0 kotan daudela eta edonorentzat irasgarriak direla baloratu du Haur eta Gaztedia departamentuak horiek hautatzeko. Erdi-sotoa 2015ean zaharberritu zen baina ordutik ez da esku-hartze berririk egin eta beharrezkoa da geletako paretak, sabaia, ateak eta leihoak margotzea eta salitrearen aurkako tratamendua ematea, hezetasunak sortu dituen kaltean arintzeko. Lan horien esleipena onartzea proposatuko da arratsaldeko bileran.

  Kultura departamentuak sormen lanetarako eta urteko programak gauzatzeko eman ohi dituen dirulaguntzen aurtengo deialdia egitea ere jorratuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!