Oñatiko udala

Olaia Oteroren “hostoa uretan” lanak irekiko du 2025eko udal egutegia

2024/11/22
Card image cap
Azala eta hilabete bakoitzeko orriak irudikatuko dituzten argazkiak aukeratu dira

  10 argazkilariren 38 lan aurkeztu ziren udalak deitu zuen argazki lehiaketara eta horietatik 13 aukeratu dira datorren urteko udal egutegia irudikatzeko. Partaide bakoitzak hiru lan aurkeztu zitzakeen eta zenbaiti lan bakarra ez baizik eta bi edo hiru saritu zaizkie. Horietako bat lehen orrian argitaratuko den irudiaren egilea bera da, Olaia Otero, Hostoa uretan argazkiaz gain apirilari dagokion orrialdean agertuko dena ere berak egin baitu. Tomas Igartuak aurkeztutako beste bi argazki, Xabier Urbinaren eta Oier Yanizen hirurak eta Ibernalo Iparragirreren, Amaia Igartuaren eta Jaione Zuluetaren lan banak ere saria lortu dute. Azaleko argazkia 150 eurorekin saritu da, gainontzeko 12ak 75na eurorekin.

  Ura (eta beste) energia iturri (batzuk) Oñatin izan zen argazki lehiaketarako zehaztu zen gaia eta lan gehienetan ura da motibo nagusi, baina eguzki plakak, haize errotak eta argindar posteak ere ikusi daitezke beste batzuetan. Irudiek iradokitzen duten ideien haritik hainbat lelo asmatu dira egutegiaren orrialde bakoitzerako baina azaleko lelo nagusia, Euskara, geu izateko energia izango da.

  2025eko udal egutegiak azken urtetakoen eredua jarraituko du eta hilabetea eta argazkia elkarren ondoko bi orrialdetan joango dira, liburuxka osatuz. Egutegia inprentan da jada eta abendu hasieran jasotzea espero da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!