Oñatiko udala

Normaltasuna nagusi da herrian, atzoko argindar etenaren ondoren

2025/04/29
Card image cap
Igogailuetan harrapatuta geratu zirenen intzidentziak bakarrik aipatu dira udaltzaingotik

  Ia hiru ordu eta erdiko argindar etena izan zen atzo eguerdian Oñatin, zenbait auzotan zerbitzua lehenago itzuli zen arren. Lehen minutuetan, igogailuetan harrapatuta geratu zirenen abisuak jaso zituzten udaltzainek eta, suhiltzaileen laguntzaz, kale Zaharrean, San Lorentzon, San Martinen edota San Antonen igogailuan irten ezinda geratu ziren bizilagunak erreskatatu zituzten. Bazkari orduarekin bat etorri zen etenaren ondorioz, otordua aurreratuta zuten askok hotza jan behar izan zuten, beste batzuek ogitartekoren batekin konformatu behar izan zuten. Egun, etxe askotan, sukaldeak elektrikoak baitira. Eta dendetako ateak ohikoa baino lehenago itxi zituzten.

  Herriko enpresetan, berriz, egoera ezberdinak bizi izan ziren lantokiaren arabera: batzuk lanean jarraitu ahal izan zuten argindarra sortzeko generadoreei esker, beste batzuk, garbiketa eta bestelako lanetan aritu ziren eta hirugarren talde batek etxera joateko baimena jaso zuen. Baina lantegi guztiak normaltasunera itzuli ahal izan ziren argindarra berreskuratzearekin batera. Bide hori poliki-poliki egin zuten batzuk, makinak txandaka berrabiarazi eta martxan jarriz, beste batzuk arinago. Baina lehen ordu horiek gaindituta, eguneroko produkzio mailan dabiltzala adierazi digute herriko lantegi handienetan, gaur goizean. Arazo batzuk bai izan dira, telekomunikazio mailan baina ekoizpenean normaltasuna nagusi zen. Herriko enpresa nagusiekin harremanetan egon gara eta zenbaitek halako gorabeheretarako emergentzietarako planak badituztela adierazi digute, nola gauzatu diren aztertu eta ebaluatzeko eguna da gaur, eta antzeman diren balizko huts edo akatsak konpontzeko bideak aztertu beharko dira orain. Baina, orokorrean, esan bezala, arazo txiki batzuk besterik ez ei dira egon eta normaltasuna nagusi zen argindar etenaren ondorengo orduetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!