Nekazaritza ustialekuak modernizatu eta baso-bide pribatuak eraiki eta hobetzeko dirulaguntzak ebatzi berri dira
Sei dirulaguntza lerro nagusi ditu Zerbitzuak eta Landa Garapena udal departamentuak eta horietako biren ebazpena onartu zen urtarrileko azken Gobernu Batzarrean: nekazaritza ustialekuak modernizatzeko dirulaguntzak eta baso-bide pribatu nagusiak eraiki eta hobetzeko dirulaguntzak.
Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko deialdira 7 eskaera aurkeztu ziren baina 4 bakarrik onartu eta diruz babestu dira, pentsua edo ibilgailuak erosi eta tresnen konponketak ez direlako diruz laguntzeko inbertsioetan sartzen. Segadora eta rotoenpakadora baten erosketa eta eguzki plakak instalatzeko lanak diruz laguntzea onartu da, proportzio ezberdinean. Guztira, 5.077 euro bideratuko dira onartutako lau inbertsioetarako.
Baso-bide pribatu nagusiak eraiki eta hobetzeko laguntza lerroari dagokionean, berriz, zehaztutako oinarriak betetzen dituzten bi eskaera jaso eta onartu dira: Ertzil Etxebarri-Ubao baso pista konpontzeko eta Koixkar-Lizargarate arteko baso pista gogortzeko. Berezao auzo elkarteak egin zituen lkonpontze lanak eta aurrekontuaren %80a diruz laguntzea erabaki du Udalak, 3.000 euroko mugarekin. Baina egindako lanen gastua lehenbailehen zuritzeko baldintza jarri du udal gobernu taldeak. Bestela, aurreratutako dirua itzuli beharko dutela jakinaraziz. Koixkar-Lizargarate arteko baso pista gogortzeko lanen %30a ordaiduko du Udalak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!