Natrako langileek lanuzteak iragarri dituzte urtarrilaren 30etik aurrera
Ostiralean egin zen asanbladan, langileen %88aren babesa jaso zuen enpresa batzordeak proposatutako greba plangintzak, ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez. Enpresak blokeatuta duen negoziazioa berrabiarazi eta lan hitzarmen duina eskatzen dute.
Langileen flexibilitatea handitu eta 4. txanda zabaltzeko neurriak lortzeko enpresa zuzendaritzak oso gogor jokatu duela salatu du ELAk, sare sozialen bidez zabaldu duen oharrean. Produkzioa antolatzeko enpresaren proposamena langileen osasunerako oso kaltegarria dela salatzen dute, are gehiago, egungo beharrei erantzuteko beste neurri batzuk badirenean. Hitzarmenean atzerapausorik ez dutela onartuko adierazi dute LAB sindikatutik. Langileen bizitzak duinduko dituen hitzarmena eskatzen dute: KPItik gorako soldata igoera, errelebo-kontratua, kategorien eguneratzea, fijo-discontinuo direnen lanerako segurtasuna eta lan erreformen aurkako blindajea, besteak beste.
Urtebete baino gehiagoko atzerapenarekin eta enpresa ordezkariekin bilera asko egin ondoren, negoziaketa blokeatuta dagoela ikusita, mobilizazio-plangintza proposatu zaie langileei, otsaileko lehen hamabostaldirako: urtarrilaren 30ean eta otsailaren 1ean, bi orduko lanuzteak egingo dira, txanda bakoitzean; otsailaren 6an eta 8an, txandako lanuzteak lau ordukoak izango dira, eta egun osoko grebak, otsailaren 13an eta 15ean. Ostiralean egin zen asanbladan, aldeko botoak 179 izan ziren, kontra 21 eta bina zuri eta baliogabeak. Azken orduko aldaketarik ez bada, langileen % 88aren babesarekin ekingo zaio datorren asteartean mobilizazioei, lan hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!