Oñatiko udala

Natrako langileek lan-uzteekin jarraituko dute, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko

2024/02/15
Card image cap
Mobilizazio egutegi berria onartu da gaur, asanbladaren % 97ko babesarekin

  Lau orduko lan uzteak txanda bakoitzean egiten hasiko dira datorren astean Natrako langileak, eta astelehenetik ostiralera errepikatuko dira, otsailean. Martxoaren 4tik aurrera berriz, egunero, baita asteburuetan ere, egingo dira lau orduko lanuzteak txandako. Era berean, manifestazioa egingo dute otsailaren 24an, larunbatarekin, 12:00etan plazatik abiatuta. Hala erabaki du langileen gehiengo oso zabalak, goizean egin duten asanbladan, mobilizazio proposamena %97ak babestu baitu.

  Natrako langileak greban dira gaur. Urtarrila amaieran iragarri zuten sei eguneko mobilizazio egutegia betetzen dute. Asteartean bezala kazerolada batez hartu dituzte goizean lantegira sartu diren lankideak eta ondoren, Zuazola institutuko aretoan bildu dira, asanblada egitera. Orain arteko ekintzen balorazioa egin eta hurrengo astetarako mobilizazio egutegia zehaztu eta bozkatu dute. Mobilizazio proposamenarekin bat egin dute 223 langilek, 4k ezezkoa bozkatu dute eta 3k boto zuria eman dute.

  Sei dira Natrako langileen eskaera nagusiak, langile komitean gehiengoa duen ELAren arabera: soldata igoera duinak, errelebo kontratua bermatzea, laugarren txandaren lan baldintzak hobetzea, lan erreformaren aurkako bermeak, aldizkako lan kontratu finkoa dutenen egonkortzea eta kategorien eguneraketa. Etenda dauden negoziaketei berrekiteko lan malgutasuna edo flexibilitatea onartzea jarri du oinarrizko baldintza moduan zuzendaritzak baina langileak ez daude hori onartzeko prest.

  Arratsaldean, 18:00etan, manifestazio berria egingo dute gaur greban diren Natrako langileek eta herritarren babesa eskatu dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!