Bi orduko lanuzteak egiten hasi dira Natrako langileak, gaur
Orain hamar egun iragarritako lan-uzte dinamikari hasiera eman diote Natrako langileek eta txanda bakoitzeko lan jarduna bi orduz eteten ari dira gaur. Gaueko txandakoak 2:00etatik 4:00etara gelditu dira, goizekoak, 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldekoek beste horrenbeste egingo dute, 17:00etatik 19:00etara. Goizean bezala arratsaldean ere, plazarainoko manifestazioa egingo dute, hitzarmen duina eskatzen dutela ikusaraziz.
Urtarrilaren 19an egin zen asanbladan, langileen %88aren babesa jaso zuen enpresa batzordeak proposatutako greba plangintzak. Enpresak blokeatuta duen negoziazioa berrabiarazi eta lan hitzarmen duina eskatzen dute, ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez. Negoziazioak etenda daude eta gaur hasi diren mobilizazioak iragarri zituztenetik ez da komunikaziorik izan enpresa zuzendaritzarekin.
Errelebo kontratua xantaia moduan erabili nahi izatea leporatzen diete enpresa arduradunei eta langileen flexibilitatea handituz, aldizkako finko kontratuen gehiegizko erabilpenaz eta laugarren erreleboaren zabaltzea inposatuz, lan baldintzak nabarmen kaltetzen direla salatzen dute. Produkzioa antolatzeko enpresaren proposamena langileen osasunerako oso kaltegarria dela salatzen dute, are gehiago, egungo beharrei erantzuteko beste neurri batzuk badirenean. Hitzarmenean atzerapausorik ez dutela onartuko adierazi dute eta langileen bizitzak duinduko dituen hitzarmena eskatzen dute: KPItik gorako soldata igoera, errelebo-kontratua, kategorien eguneratzea, fijo-discontinuo direnen lanerako segurtasuna eta lan erreformen aurkako blindajea, besteak beste.
Natrako langileek gaur hasi duten mobilizazio-plangintzaren arabera, bi orduko lanuzteak errepikatuko dira ostegunean, otsailaren 1ean. Datorren astean, otsailaren 6an eta 8an, lanuzteak lau ordutara luzatuko dituzte eta , otsailaren 13 eta 15erako, egun osoko grebak iragarri dituzte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!