Oñatiko udala

Nahita erretako edukiontzi batek, kalte handiak eragin ditu ondoan aparkatuta zegoen auto batean.

2013/05/06
Guztiz urtuta geratu da Lizaur kalean goizean erre duten kontainer horia.

  Goizeko 7etan lanera sartu berritan jaso dute udaltzainek Lizaur kalean gertatzen ari zenaren berri. Guardia zibilak eman die abisua. Lizaur kaleak eta kale zaharrak bat egiten duten gunean dauden edukiontzietako bat sutan zegoela, alegia. Udaltzainak bertaratu direnerako, sua ondoko kontainerrera zabalduta zegoela ikusi dute eta suhiltzaileei deitu diete. Bitartean, ondoan aparkatuta zegoen autoa mugitu dute. Kristala apurtu eta autoa lekuz aldatu dute baina ordurako suak hartuta zuen. Sua extintore batekin itzali dute eta motorrera edo erregai-depositora zabaltzea ekidin dute baina atzealdean kalte handiak izan ditu.

  Edukiontzi horia guztiz erreta, urtuta geratu da. Burdinezkoa den edukiontzi urdinaren kasuan, berriz, edukiontzia bera ez da erre baina bai barruan zegoen papera.

  Ez da lehen aldia, Kale zaharra, Lizaur kale inguru horretan halakoak gertatzen direla. Pasa den astean bertan, Aita Madina kaleko edukiontziei ere su eman zieten. Kontenedore barrutan zegoen materiala guztiz erre zen baina ez zen bestelako ondoriorik izan. Oraingoan, edukiontzi ondoan aparkatuta zegoen auto batek kalte handiak izan ditu.

  Asteburu honetan bertan, zapatutik domekarako gauean, inguruan dauden hainbat kontenedore lekuz aldatuta eta lurrean botata agertu dira. Domekan goizean, guztiak bere lekuan jartzen saiatu ziren udaltzainak. Halako gertaerak sarritan gertatzen ari direla ikusirik, herritarren elkarlana eskatzen da. Ekintza susmagarririk ikusten duten herritarrei udaltzainei abisua ematea eskatzen diete.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!