Oñatiko udala

Nagusien Mahaia indartu eta dinamizatzeko zerbitzua kontratatzea proposatuko da Tokiko Gobernu Batzarrean

2024/02/01
Card image cap
Udalak Eskola kirolarekin eta Aloña Mendi elkartearekin duen lankidetzari jarraipena ematea ere eztabaidatuko da

  Iaz eman zituen lehen pausoak Oñatiko Pertsona Nagusien Mahaiak. 18 herritarrek osatzen dute egun, batzuk norbanako moduan eta beste batzuk, nagusiekin lan egiten duten eragile edo elkarte ezberdinen ordezkari gisa. Elkarren berri izan eta herri mailan eskaintzen diren zerbitzu ezberdinak ezagutzeko dinamikak egin eta Adinekoen Mahaia indartu eta egonkortzeko helburua jarri zen, iaz.

  Herri mailako ekintzak eta zerbitzuak bultzatzea ere adostu zen eta mahaiaren dinamika arintze aldera, hilean birritan biltzea onartu zen. Mahaia egonkortzeko, komenigarri eta garrantzitsutzat jo zen ekimena martxan jartzen parte hartu zuen enpresa dinamizatzailearekin jarraitzea, hau da, BIZIPOZ Zahartzaro Aktibo kooperatibarekin. BIZIPOZek zahartzaro aktibo eta osasuntsua sustatzeko programak ditu, eta pertsona nagusien kontseiluak sortzen esperientzia du. Guztia baloratuta, Nagusien Mahaiaren dinamizazioarekin jarraitzea proposatuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.

 Eskola Kirola eta Hezkuntza kirol elkartearekin eta Aloña Mendi kirol elkartearekin lankidetza hitzarmenak ditu Udalak. Harremanari jarraipena emanez, 2024ko hitzarmenak sinatu eta horren babeseko dirulaguntza zuzena onartzea aztertuko da gaurko bileran.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!