Oñatiko udala

Nafarroako ikastolei laguntza emateko ekimen bereziak egiten ari dira gurean.

2012/11/28
Gobernu taldeak, Nafarroa Oinez-i diru laguntza ematea erabaki du eta Txantxiku ikastolan, Tuterako Argia ikastolaren aldeko elkartasun ekintza gauzatzen ari dira.

  Orain hilabete eta erdi Zizur-go San Fermin ikastolak antolatuta, Nafarroa Oinez jaia ospatu zen. Eguraldi euritsua izan zen eta ondorioz ez ziren jarritako helburu ekonomikoak bete.

  Nafarroan euskarak eta ikastolek bizi duten egoera zaila kontutan hartuta, udalak, Nafarroa Oinez-i, diru laguntza berezia ematea erabaki du. San Fermin ikastolara,  650 euro bideratuko dira.

  Nafarroa erdialdetik hegoaldera joanez, berriz, Tuterako ARGIA ikastolaren alde Nafarroako Erriberako produktuz osatutako sortak saltzen ari dira Txantxiku Ikastolan. Ikastolak, bitartekari lana egiten du eta hortik aurrezten den dirua ARGIA ikastolara bideratuko da.

  Erriberako produktuez osatutako sorta horiek kontserba pote ezberdinez osatzen dira: baraki menestra, orburu edo alkatxofak, kardua, pikillo piperrak, zainzuriak eta abar. Sortak, merkatuan, 50 euroko kostua du eta prezio berean saltzen da Txantxiku ikastolan ere. Baina bitartekaritza lanak lukeen kostua da Tuterako ikastolarentzat gordeko dena. Eskaera ikastolan egiten duenak, bertan jasoko du sorta.

  Eta horretarako epea luzatzen dela jakinarazi digute txantxiku ikastolatik. Hasieran, eskaerak egiteko epea ebeikotzera arte finkatu bazen ere, beste bi astez luzatzea erabaki dute. Ondorioz, interesa duenak, abenduaren 12ra arteko epea izango du Nafarroako Erriberako produktuz osatutako sorta Txantxiku Ikastolan eskatzeko. Sortak jasotzeko eguna ere atzeratu da. Eskatutako loteak, abenduaren 17an iritsiko dira ikastolara. 

Iturria: Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!