Musika eskaintza zabala jaso da txosna batzordeko jaixen egitarauan
Youtube kanalean atzo zintzilikatu zuen bideoan 2023ko jaien berri ematen du Oñatiko Txosna Batzordiak. Musika asko eta herrigunetik haratago zabalduko diren ekintzak iragartzen dira.
Irailaren 28tik urriaren 2ra bitarteko ohiko jai egunez gain, jai-aurreko egun berezia programatu da irailaren 23rako. Auzoetako jai batzordeen arteko olinpiadak antolatu dira egunari hasiera emateko, Olakutik abiatuta. Bazkaria izango da amaieran. Lehen egun horretarako antolatu ditu txosna batzordeak lehen kontzertuak; lau talde arituko dira, tartean, Huntza. Agurreko bira osatzen ari da taldea eta txosna gunera hurbilduko da. Baina musika da, aurten ere, txosna egitarauaren ezaugarri nagusia, egunero izango baita kontzertu edo DJ saiorik, eta izen batzuk aipatzearren: Tatta,Mutiko, Denso;Rukula; Sua; Lehen Lerroa; Añube; Lizartxo eta Tapia eta Leturia ¬Bandaren itzulerakoa ere izango da. Dibertsioak klasikoa ere ez da faltako.
Lehen eguneko bazkariaz gain, Errosarixo Bixamonean ere bazkaria izango da txosnagunean eta Herri Egunean, Gaztetxean. Jaixetako azken egunerako mozorroa asmatu ezinean daudenentzat berriz, gaia jartzeko ohitura hartu du txosna batzordeak eta espiritualismoa da aurtengoa. Gaiarekin lotura duen kartela osatu dute, egitarauaren xehetasunak jasoz eta gonbidapen bideoak ere giro hori erakusten du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!