Oñatiko udala

Musika, elkartasuna eta familiei zuzendutako ekintzak eskutik datoz Gabonetako egitarauan

2024/12/11
Card image cap
Gaur hasi dira etxeetara banatzen

  Astelehenean ireki zen Corrado Masacciren Txontxongiloen ametsak erakusketak zabaltzen du Gabonetarako antolatu den ekintza egitarau berezia. Urteroko hitzorduak bildu dira, musika, elkartasuna eta familiei zuzendutakoak tartekatuz.

  Elkartasuna da zerrendatu diren ekintza asko lotzen dituen ezaugarria: Elkar Hezik antolatutako elkartasun azoka izango da larunbatean, Oñati abesbatzak abenduaren 21ean emango duen kontzertuan batutako dirua Esku Hutsik elkartearentzat izango da, 22an egingo den HATOR HATOR Gabonetako kontzertuan batutakoa Dhagueleko emakumeen eskola proiektura bideratuko da eta arratsaldean Hots abesbatzak eskainiko duen Gaixorik nago, eta zer? emanaldia Izan Inurri elkartearen alde izango da. Elkarte honek aurkezpen hitzaldia ere emango du Santa Ana antzokian, hilaren 18an.

  Santa Anako sarrerakoan Olentzero eta Mari Domingiren irudiak jarriko dira, benetako Olentzero eta Mari Domingiri zuzendutako eskutitzak jasotzeko. Astebetez izango da, abenduaren 16tik 24ra, Gabon egunean, 12:30etan Olentzero eta Mari Domingi Oñatira etorriko direlako. Otadui zuhaiztitik kalejiran joango dira plazara, bertan harrera egingo zaielarik. Egun horretan Ikastolako guraso kontseiluak prestatutako salda banatuko da plazan eta, goizean zein arratsaldean gabon kantak entzun ahal izango dira, Ganbara abesbatzak, Txantxiku ikastolak eta musika bandak eskainita. Errege magoei ere harrera egingo zaie, urtarrilaren 5ean, 18:30etan, Parrokian.

  Oñatiko artisauen Gabonetako azoka igandean egingo da merkatu plazan, eta arratsaldean, Aequus Ensemble orkestraren kontzertua izango da Parrokian. Urteroko gospel kontzertua ere ez da faltako, abenduren 27rako programatu da eta egun berean, Ilatargi astronomia taldeak antolatutako hitzaldia izango da Kultur etxean, Lurdes Ondaro ikertzailearen eskutik. Abenduaren 29a ekintzaz betetako eguna izango da: 12:00etan lehoiaren orroa bisita egingo da Arrikrutzen eta arratsaldean jarraipena izango du turismo bulegoan; Goazen 11.0 kontzertuaren emanaldi bikoitza eskainiko da Santa Ana aretoan, eta parrokian berriz, Ganbara abesbatzak antolatutako SILENTIUM kontzertu sinfonikoa izango da.

  Urtarrilaren 2 eta 3an Gabonetako jolas parkea izango da, 4an Oñatiko magia gala, 5ean Errege bezperako urteroko bertso saioa. Oraingoan, Gipuzkoako bertsolari txapelketan aritu diren sei bertsolari etorriko dira: Oihana Iguaran, Beñat Gaztelumendi, Andoni Rekondo, Eli Pagola, Agin Laburu eta Maider Arregi. Gabonetako egitaraua Musika bandaren dastatu ametsak kontzertuaz itxiko da, urtarrilaren 6an.

  Kirol hitzorduak ere ez dira faltako, areto futbola eta saskibaloi txapelketak eta urte amaierako San Silbestre lasterketa.

  Gabonetako egitaraua etxeetara banatzen hasi dira gaur.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!