Oñatiko udala

Munazategi sektoreko eta Garibai auzorako sarbidea antolatzeko GI 2630 errepidean biribilgunea egikaritzeko hitzarmena aztergai izango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2020/04/23
Card image cap
Udala eta ULMA taldearen arteko hitzarmena da

  Gaia aspalditik dator. GI-2630 errepidean  trafikoa asko handitu da azken urteetan eta ULMA taldeko kooperatiba ezberdinak errepide horren esker-eskuman hedatzeak arazoa areagotu egin du. 2017an, Udalak eta ULMAk elkarlanean, GI-2630 errepidean Torreauzo eta Garibai auzoetarako sarbide inguruetan bi errotonda egokitzeko egitasmoa aurkeztu zioten Foru Aldundiari baina proposamenak ez zuen aurrera egin. Arazoa arintzeko, eta bereziki oinezkoen pasabidea ziurtatzeko, Torreauzorako sarbidera iritsi baino metro batzuk lehenago semaforoa jarri zen.

  Baina Udalak eta ULMA taldeko ordezkariek Munazategi sektoreko eta Garibai auzorako sarbidea antolatzeko biribilgunearen proiektuan lanean jarraitu zuten eta une honetan egitasmo hori egikaritzeko hitzarmena mahai gainean dute. Alde bakoitzak bere gain hartuko lituzkeen lanak eta ardurak edota biribilgunea eratzeko lanen finantzaketa nola banatu zehazten da, besteak beste, aipatu hitzarmenean. Horren berri emango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean baina udalbatzaren onespena behar duenez, datorren astean egingo den Osoko Bilkurara eramango da.

  Aipatutakoaz gain beste bost gai aurkeztuko dira gaurko Tokiko Gobernu batzarrean: Torreauzon, Etxe Aundi jatetxe inguruan argi gehiago jartzeko eskaera; 2020ko larre kanpainari begira IBR Behien Infekzio-Errinotrakeitisa gaitzaren inguruko betebeharrak, Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioari 2020ko diru eskarpena egiteko eskaera edota Artiako pagadi ustiapen modu ezberdinak klima aldaketari nola erantzuten dioten aztertu ahal izateko herritar batek egin duen eskaera ere aztergai izango dira.

  Gobernu taldearen batzarra 15:00tan hasiko da eta bideo konferentziaz egingo dute, azken asteotan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!