Mugiment Kirol Txartelera atxikitu da Oñatiko Udala
Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu berri da Mugiment Kirol Txartela ekimenera batu diren azken 19 udalerrien zerrenda, tartean, Oñati. Une honetan, EAEko 89 udalerritako 156 kirol instalazioetan erabili daiteke Mugiment txartela, baita Zubikoa kiroldegian ere. Era berean, Oñatiko kiroldegiko bazkideek ekimenera atxiki diren beste herrietako instalazioak erabil ditzakete. Beti ere, instalazio eta jarduerei jarri zaien ordutegi eta baldintzen baitan.
Mugiment txartelaren erabiltzaileek, 14 jarduera dituzte aukeran Oñatin eta Zubikoako instalazio guztiak erabili ditzakete, baina egutegi eta ordutegi mugatuan. Tenis eta squash pisten erabilera librea da, beti ere alogera ordainduta, eta gune lehorra, gimnasioa eta rokodromoa astelehenetik ostiralera eta 7:30etatik 16:00 soilik erabili ditzakete eta igerilekua, astelehenetik ostiralera baina 7:30etatik 12:00etara.
Ekimenera batutako instalazio guztien berri, www.kiroltxartela.eus atarian ikus daitezke, udalerriz udalerri. Mugiment txartela mugikorrean instalatu eta erabili daiteke baina tokian tokiko kirol bazkide txartela ere erabilgarria da. Kasu guztietan, Mugiment-era atxikitako instalaziora sartzeko txartel fisiko edo birtualaz gain, nortasun agiria erakutsi beharko dugu.
Mugimen Kirol Txartela ekimena Debagoiena eskualdean 2020an ezarri zen, froga moduan. Lehen froga haren ondotik esperientziari jarraipena ematea erabaki zuen udalbatzak, apirileko Osoko Bilkuran. Jarduera fisikoa sustatu, sedentarismoa murriztu eta euskal herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburua du erkidego mailako kirol ekimen honek.
Iturria:Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!